2019ko Bai Euskarari sariak, Bordatxo jatetxea, ABB Niessen eta Mertxe Mugikarentzat

Bordatxo jatetxea, ABB Niessen eta Mertxe Mugika saritu ditu aurten Bai Euskarari Elkarteak, «euskarari eta euskararen unibertsoari argia, energia eta indarra emateagatik». Antolatzaileek adierazi dutenez, «euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dugunontzat erreferente dira sarituak».

naiz|DONOSTIA|2019/10/24
Bai_euskarari
2019ko Bai Euskarari sariak banatu dituzte. (Jon URBE / FOKU)

Aurtengo Bai Euskarari sariak iragarri dituzte eta Deustuko Bordatxo jatetxea, ABB Niessen eta Mertxe Mugika dira sarituak.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektuak 19 urte bete berri dituen honetan, administrazioen ordezkaritza zabala egon da ekitaldian: Miren Dobaran, Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, Arabako Foru Aldundiko, Udalbiltzako eta Batzar Nagusietako ordezkaritza, euskalgintzako komunitatea eta sektore ezberdinetako enpresak eta elkarteak.

Rober Gutierrez, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak, ekitaldian adierazi du elkartearen xedea «alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko bidean eragitea» dela, «komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz».

Gutiérrezek nabarmendu nahi izan du jauzia emateko garaia dela: «Euskal Herri osoan. Denok norabide berean, elkarlanean eta ilusioz», azpimarratu du. Zentzu horretan nabarmendu egin du sarituen lana. Duela 30 bat urte erabaki zuen Deustuko Bordatxo jatetxeko nagusiek euskara ikastea, euskaraz bizi nahi zutelako baizik. «Filosofia horixe beraien enpresara eraman dute, eta naturaltasunez dihardute euskaraz lanean», azpimarratu dute antolatzaileek.

Bestetik, Niessen enpresako euskara batzordeak 20 urte bete ditu aurten. ABB multinazionalaren barruan dago Niessen lantegia, baina euskararekiko «atxikipen handia» dutela nabarmendu dute, «langileen arteko kohesiorako gako garrantzitsu bihurtzeraino».

Azkenik, Mertxe Mugikak euskarari egin dion ekarpena nabarmendu nahi izan dute. Mugikak AEK-ko koordinatzaile nagusiaren postua utzi zuen irailaren 30ean, 13 urte egin ostean. «Urte horietan guztietan egin duen lana aitortzeko eman diogu aurten Bai Euskarari Saria». 

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.