Emakume zientzialarien lana erdigunera eramango dute astebetez Donostian

Otsailaren 7tik 14ra Emakumeak Zientzian 2020 jardunaldiak egingo dira Donostian. Ekimenaren helburuetako bat da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea.

naiz|2020/01/24
Emakumeakzientzian2020_aurkezpena
Emakumeak Zientzian 2020 ekimenaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

CIC nanoGUNE ikerketa-zentroa, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieros, Ceit, Polymat eta Elhuyar erakundeek zientzia-programazio bateratu bat aurkeztu dute, mundu osoan ospatzen den otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren karietara.

Donostian, otsailaren 7tik 14ra egingo dira Emakumeak Zientzian 2020 jardunaldiak. Ekimenaren helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direneko ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.

Otsailaren 7an hasiko dira ekintzak ‘Zientzia bada nesken kontua’ tailerrarekin, arratsaldeko 16.00etan, CIC nanoGUNEn. NanoGUNEko eta Polymat-eko ikertzaileek gidatuta, 14 eta 18 urteko nerabeek «zientzialari izateko aukera izango dute egun batez»; baita ikerketa-talde bateko kide izatekoa ere, nanozientziaren mundua ezagutzeko esperimentu batean parte hartuz.

19.00etan, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, ‘Zientzialariak, atzo eta gaur’ ekimenean, Euskal Herriko eta gaur egungo sei emakume izango dira hizlari. Beren lanak aurkeztuko dituzte, baita iraganean aitzindari izan diren emakume zientzialariak omendu ere, zenbaitzutan «ahaztuak» izan direnak.

Hilaren 8an, familien txanda izango da. Ibaetako EHUko Campusean familientzako ginkana bat egingo da. Ibaetako campusean ezkutatuta egongo diren proba guztiak gainditu beharko dituzte taldeek.

Otsailaren 10ean, Tecnun eta Ceit-en egingo den ‘Ingeniari izatera jolasten’ tailerrean, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeek hartuko dute parte. Formula Student taldeko ingeniaritza-ikasleek automobilgintza-tailer praktiko bat emango dute eta ingeniaritzako lan-arlo guztiak simulatuko dituzte: prototipoen diseinua, piezen fabrikazioa, muntaketa eta banaketa.

Hurrengo egunean, lehen hezkuntzako eta batxilergoko zenbait eskola-taldek bisitak egin ahal izango dituzte.

Bestalde, ‘Amona’s Power’ jarduera landuko da beste urte batez, kultura zientzian emakume helduek duten irudia goratzeko. Otsailaren 13an, 55 urtetik gorako emakumeek aukera izango dute gure ikerketa-zentroetako nazioarteko ikerketaren mundua ezagutzeko.

Azkenik, zientzia-komunitateari zuzendutako mahai-ingurua antolatu dute: ‘Berdintasuna zientzian: esperientziak eta etorkizuna’. Berdintasuna izango da aztergai, eta mundu akademikoan zein ikerketa eta enpresaren munduan diharduten emakume profesional eta zientzialari nabarmenak izango dira bertan. Mahai-ingurua ingelesez izango da, EHUko Carlos Santamaria Zentroan, otsailaren 14an, 12.00etan.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.