55 urtetik gorako hirurogei emakume baino gehiago Emakumeak Zientzian 2020n

Emakumeak Zientzian 2020 programarekin jarraituz, 55 urtetik gorako emakumeei eskainitako ‘Amona’s Power’ jardunaldia egin dute ostegun honetan lau ikerketa-zentrok.

NAIZ|2020/02/13
Zientzia2020
Parte-hartzaileak Donostiako Materialen Fisikako Zentroa bisitatu dute. (Gorka RUBIO/FOKU)

Oraingo honetan, CIC biomaGUNE, Materialen Fisikako Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia eta POLYMAT ikerketa-zentroak bisitatu dituzte 60 parte-hartzaile baino gehiagok.

‘Amona’s Power’ jardunaldian, zentroetako ikertzaileen gidaritzapean, egun batez ikerketa-munduan murgildu ahal izan dira parte-hartzaileak. Gainera, egunerokoan aurki dezaketen zientziarekin jardun dute, eta nahi dutenek irakatsi ahal izango dituzten esperimentuak egin dituzte.

Helburua da, antolatzaileen esanetan, «gizon helduak zientzia-erreferente gisa duen estereotipo nagusiarekin haustea, eta emakume horiek beren komunitateetan kultura zientifikoaren enbaxadore izateko gai sentitzea».

«Zientzia-dibulgazioko eta kulturako ekitaldiak gaztetxoei zuzentzeko joera nabarmena da sarri, eta ez dugu ahaztu behar helduek, eta geroz eta zaharragoa den biztanleriak, gure gizartean duten garrantzia», gaineratu dute.

‘Amona's Power’ jarduera Emakumeak Zientzian 2020 ekimenaren baitan antolatu dute, otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta.

Honako erakunde hauek antolatu dute: CIC nanoGUNE, Materialen Fisikaren Zentroa (CFM CSIC-UPV / EHU), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Ingeniaren Eskola, Ceit, POLYMAT eta Elhuyarrek.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK