NAIZ
Tolosa

Lehertu dira inauteriak Tolosan, Incansables txarangaren eskutik eta Jaizkibel konpainia omenduta

Incansables txaranga izan da 2020ko Tolosako Inauterietako Kuttuna, suziria pizteko arduraduna. Urtero bezala sorpresa izan da ostegun gizenaren hasieran eta Hondarribiko Jaizkibel konpainia omendu nahi izan dute, «konpainia ofizial» bilakatuta.

Abiatu dira Tolosako inauteriak. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Abiatu dira Tolosako inauteriak. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Incansables txarangak izan du Tolosako inauteriei hasiera emateko ardura. Suziria piztuta lehertu da jaia. 50. urteurrena betetzen duten honetan, ostegun gizeneko protagonista bihurtu dira musikariak. Jendez lepo eta eguzki epel batekin lagunduta abiatu dira Tolosako egunik berezienak.

1971. urtean sortu zen Incansables txaranga, Hernaniko, Villabonako eta Tolosako musikariak tartean zirela. Urtero izaten da ezustekoren bat eta aurtengo parodiak keinu berezi bat izan du. Plazak txarangari aho batez ‘Zorionak zuri’ abestu ostean, eguneko beste protagonistak agertu dira kale kantoietako batetik. Hondarribiko Jaizkibel konpainia gonbidatu dute aurten eta jendartean plaza gurutzatu eta gero hartu dute hitza. «Hemen gaude, Jaizkibel konpainiako gizon eta emakumeak, eskatzeko ea festa honetan, modu ofizialean eta giro onean, parte hartu dezakegun», azaldu dute. Herritarrek eman diete baiezkoa. Kabi Alai elkarteko kideek–inauterietan Udal korporazioaren tokia hartzen dute– konpainia ofizial bilakatu ditu hondarribitarrak.

«Gora ostegun gizen, gora inauteriak, gora Tolosa!» oihukatuta, Incansablesen txanda izan da. Suziria lehertuta, txarangaren erritmoan saltoka jarri da plaza.

Aurretik jai giroan ospatzeko sei egun eta sei gau luze. Ostegun gizenak, ostiral meheak, zaldunita bezperak, zaldunitak, astelenitak eta asteartitak guztiontzako aukerak eskainiko ditu, egitarau oparo batek lagunduta.