NAIZ

Nafarroako eremu mistoan euskarari punturik eman gabe hasi direla salatu dute

Nafarroako Auzitegi Nagusiak euskara ez dela beti eremu mistoan baloratu behar erabaki ostean, zalantzan zen Chivite Gobernuak hartuko zuen bidea. Administrazioan Euskaraz Taldeak jakitera eman duenez, bi lehiaketetan euskarari ez zaio punturik eman.

Euskararen alde Kontseiluak Iruñean eginiko mobilizazioa. (Iñigo URIZ | FOKU)
Euskararen alde Kontseiluak Iruñean eginiko mobilizazioa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Gobernuak ez du azken hilabete hauetan jarrera garbirik azaldu Auzitegi Nagusiak helegiteak onartu eta euskara ez dela eremu mistoan beti aintzakotzat hartu behar erabaki ostean. Hitz argien faltan, nola jokatu behar zuen ikusteko zegoen, eta orain Administrazioan Euskaraz Taldeak jakitera eman duenez, euskara ez puntuatzeari ekin dio.

2020ko otsailaren 28ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean bi lekualdatze lehiaketa argitaratu ditu, talde honek zehaztu duenez: Liburutegiko arduradun izateko bata eta osasun kudeaketarako teknikari izateko bestea. Eta horietan «bi puntu ematen dira alemana, ingelesa eta frantsesa jakiteagatik, Nafarroa osoan, eta eremu mistoan eta ez-euskaldunean zero puntu euskaraz jakiteagatik».

Administrazioan Euskarazek erantsi duenez, Uxue Barkos gobernuburu zen garaian «ohikoa zen Osasunbideko deialdietan atzerriko hizkuntzak puntuatzea eta euskaraz ez puntuatzen eremu ez-euskaldunean; orain, PSN koxka bat haratago joan da, eta gauza bera egin du eremu mistoan».

«Epaileek ez zuten debekatu euskara merezimendu moduan euskara mistoan eta ez-euskaldunean baloratzea –ekarri du gogora–, modu orokorrean baloratzea baizik». Honek «ez hankarik ez bururik ez duela, atzerriko hizkuntzak modu orokorrean baloratzen baitira» salatu ondoren, Chivite Gobernua auzitegien epaitik haratago doala erantsi du Administrazioan Euskaraz taldeak.

Izan ere, epai polemiko horrek euskararen puntuazioa lanpostuz lanpostu justifikatu behar zela agindu zuen, baina bi lehiaketa hauetan ez da hori ere gertatu: «Epaileek eskatzen zuten bezala, justifikatu al du %0ko balorazio hori?», galdetzen du, salaketa modura.