Haritz Larrañaga

Etxegabeen konfinamendua bermatzeko eraikin berri bat egokitu dute Angelun

Aurrez Biarritz eta Baionan egin bezala, gaurtik aurrera konfinamenduan egoteko etxegabeei ostatu emango dien eraikina izango da Angelun. Osasun krisia hasi zenetik 96 etxegabe biltzeko adina plaza egokitu dituzte BABn. Horrez gain, beharrezkoa balitz hoteletako gelak erabiltzeko aukera ere irekia da.

Angeluko La Nuit eraikina etxegabeentzat egokitua. (Guillaume FAUVEAU)
Angeluko La Nuit eraikina etxegabeentzat egokitua. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herrian etxegabe gehien biltzen diren eremua da BAB (Biarritz-Angelu-Baiona) eta korononabirusak sortutako krisia piztu bezain laster etxegabeak konfinatzeko egitasmoa martxan jartzen hasi ziren udaletxeak, zerbitzu sozialak eskaintzen dituzten antolakundeak eta etxegabeei eta zailtasunak dituzten familiei laguntza ematen dien Atherbea Elkartea. 

Biarritzen Notary gimnasioa egokitu zuten 20 etxegabe hartzeko eta martxoaren 24tik etenik gabeko zerbitzua eskaintzen dute bertan. Egun bat geroago, Baionako Lauga kirol aretoa atondu zuten etxerik gabeko 40 pertsonari zerbitzua eskaintzeko. Gaur, ostera, Angeluren txanda izan da. Horrela, beste 26 etxegabe hartzeko egokitu dute Euskal Elkargoak Angelun duen My Night zentroa.

Horrez gain, eraikinaren kanpoaldean 10 karpa eta kanpin denda ezarri dituzte etxegabeei banaka edo binaka konfinamenduan egoteko aukera eskaintzeko. Guztira beraz, ia ehun plaza badira Biarritz, Angelu eta Baiona artean.

Angeluko etxebizitzen eraikina 2017tik erabiltzen da neguan 16 etxegaberi ostatu emateko. Hain zuzen ere, ‘Hotz Handia’ egitasmoa plantan jarri zenetik dago erabilgarri. Orain, krisi egoerari aurre egiteko egin dituzten egokitzapenekin 16tik 26 plazara igo dute eskaintza eta gastuen ardura Angeluko Udalak hartu du bere gain. Jada 23.000 euroko kostua izan duela aurreratu du Claude Olive auzapezak. Hala ere, oraindik hobetu beharreko gauzak badirela onartu dute, eraikinean lau dutxa bakarrik baitaude, eta horrek etengabeko garbiketa eta desinfektazioa egitea eskatzen du.

Bereziki kalteberak

Etxegabeko pertsonak «koronabirusaren epidemiaren aurrean bereziki kalteberak» direla ohartarazten du Angeluko Udalak plazaratu duen adierazpenak, izan ere, «etxegabeak sarri sistema immunologikoa ahuldua duten jendea» dira. Angeluko Udalaren iritziz, gainera, «pertsona hauetako gehienek koronabirusaren lehen sintomak izanda ere, ez liekete osasun zerbitzuei jakinaraziko».

Zerbitzu sozialetako langileak dira etxegabeekin zuzenean harremanetan jartzen direnak eta harrera guneetan ostatu hartzeko eskubidea dutela dioen agiri bat ematen dietenak.

Etxegabeek sarri txakurrak izaten dituztela kontuan hartuta, animaliak ere konfinamendu denboran haiekin izateko egokitu dituzte eremuak. Horrez gain, gosariak, bazkariak eta afariak eskaini ahal izateko ardurak banatu dituzte elkarte eta erakunde desberdinen artean.

Edonola ere, laguntzeko jendea ere behar dute, lan asko baitago, hala nola, etengabeko garbiketa, segurastun neurrien bermea, askariak banatzea eta abar, baina laguntzaileek 65 urte baino gutxiago izan behar dituztela azpimarratzen dute harrera guneak kudeatzen dituzten Atherbea elkarteko kideek.

Hotelak erabiltzeko aukera

Parisen zein Estatu frantseseko beste hiri nagusietan bezala, beharrezkoa izanez gero etxegabeei ostatu emateko hotelak erabiltzeko aukera irekia da. Ipar Euskal Herrian ez da halako neurriak ezartzeko beharrik izan, baina badaezpada ere Atherbea elkartea jada 50 hotelekin harremanetan jarri zen osasun krisia kudeatzen hasi eta harrera guneak irekitzeari ekin ziotenean.