Ni.eus jaio da, pribatutasuna eta segurtasuna zaintzen duen euskarazko e-mail zerbitzua

PuntuEUS Fundazioak eta Guebs enpresa euskaldunak elkarlanean sortu dute ni.eus, pribatutasuna errespetatzen duen euskarazko .EUS e-mail zerbitzua. Eskari zabal bati erantzunez, pertsonen arteko harreman digitaletan .EUS domeinua erabiltzea posible egiten du.

Maider IANTZI|2020/05/15
Ni_eus
Ni.eus euskarazko e-mail zerbitzua da, pribatutasuna zaintzen duena.

Igande honetan, maiatzak 17, Interneten Nazioarteko Eguna da. PuntuEUS Fundazioak Euskarazko Interneten Eguna ospatu ohi du egun horretan, komunitatearekin elkartuta. Osasun larrialdia dela-eta ez da ekitaldirik izanen, baina bai zer ospatua, komunitateari zuzendutako zerbitzu berri bat sareratu delako.

Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko zuzendariak prentsaurreko digitalean jakinarazi duenez, PuntuEUS Fundazioak eta Guebs enpresa euskaldunak elkarlanean sortu dute ni.eus, pribatutasuna errespetatzen duen euskarazko .EUS e-mail zerbitzua. .EUS domeinua merkaturatu zenetik webgunerik ez duten erabiltzaileen eskaririk errepikatuena izan da norbanakoak .EUS izateko modua egitea eta iritsi da unea.

Lehen mailako hizkuntza izatea xede

Waliñok oroitu duenez, ingurune digitalean euskara lehen mailako hizkuntza izatea da PuntuEUSen xedea, eta Kaixomundua.eus, Sarean.eus agerkari digitala, Labur.eus… eta beste proiektu ugariren ondotik, ni.eus «tresna garrantzitsua» iritsi da.

Euskarazko e-mail zerbitzu bat da, PuntuEUS oinarri duena eta pribatutasuna bermatzen duena. Bi ezaugarri nagusi ditu: euskaratik eta euskaraz sortua da, bezero arreta, web interfazea, laguntza dokumentuak eta bezero-gunea eskaintzen ditu, guztiak euskaraz. Eta, gainera, pribatutasuna bermatzen du, erabiltzaileen pribatutasun eta segurtasunean jarria du fokua.

Hiru aukera: doakoa, «premium» eta «erraldoia»

Erran bezala, ni.eus posta elektronikoak pertsonen arteko harreman digitaletan .EUS domeinua erabiltzea posible egiten du: doako bertsioan ni.eus domeinua balia daiteke (adibidez: ximun@ni.eus) eta ‘premium’ planaren kasuan, norberaren gustuko .EUS domeinua pertsonalizatuta (adibidez: info@ane.eus edo kaixo@mendielkartea.eus).

Zerbitzu berri hau Interneteko erabiltzaile euskaldunei zuzendua dago, norbanako, elkarte zein enpresei, eta urtea amaitu aurretik milaka e-mail kontu sortzea espero da. Enpresentzat, ‘erraldoia’ plana sortu dute, nahi adina posta sortzeko aukera eskaintzen duena.

Pribatutasuna bermatuta

Ni.eus posta zerbitzuaren beste bereizgarrietako bat, beste zerbitzu batzuekin alderatuta, pribatutasuna da. Erabiltzaileen datuen pribatutasun eta segurtasuna bermatzen du: «Iragarkirik ez, trackingik ez eta komunikazio zifratuak. Ez du inolako iragarkirik erakusten, ezta erabiltzaileen erabileraren inolako jarraipenik egiten ere».

Horrez gain, nonahi erabil daiteke. Sakelako telefonoan edo ordenagailuan ohiko dugun posta programan konfiguratu daiteke, eta online webmail bidez erabiltzeko aukera ere ematen du. Gainera, zerbitzu osagarriak eskaintzen ditu: egutegia, helbide-liburua, berbideraketak eta askoz gehiago.

Spamaren aurkako babesa integratua du, baita erantzungailu automatikoa ere.

«Erraz kudeatzeko webmail zerbitzua da. Posta zerbitzu batek behar dituen aukera guztiak integratzen ditu, euskaraz eta segurtasunez», laburbildu du PuntuEUS Fundazioaren zuzendariak.

«Zerbitzua martxan dago, ni.eus-en sartu eta helbidea sortzeko aukera duzue momentu honetatik aurrera», egin du gonbidapena.

PuntuEUS eta Guebs

PuntuEUS Fundazioak, .EUS domeinuaren administrazio eta sustapenaz gain, hainbat proiektu eta tresna eskaintzen ditu: labur.eus url laburtzailea; sarean.eus irratsaioa; kaixomundua.eus hezkuntza-proiektua; kodepoesia.eus kode-poesia laborategia; tori.eus fitxategiak partekatzeko tresna; eta abar.

Guebs duela 15 urte baino lehenagotik domeinuen erregistro eta hosting zerbitzuak eskaintzen dituen hornitzaile euskalduna da. Euskara eta .EUS domeinuen erabilera bultzatzeaz gain, kalitatezko zerbitzuak eta bezeroarenganako arreta hurbila eskaintzen ditu.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Iñigo URIZ/FOKU
Loading player...


Huntza taldeak Durangoko Plateruenan emandako NAIZ Kontzertuaren unerik onenak.