NAIZ

Matematikari Euskaldunen IV. Topaketarako matrikulazio epea ireki du UEUk

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) uztailaren 10ean egingo du Matematikari Euskaldunen Topaketaren laugarren edizioa, Eibarko Markeskoa jauregian. Astearte honetatik hasi eta ekitaldiaren eguneraino, matrikulazio epea zabaldu du. Hitzaldi nagusi batek eta komunikazioen aurkezpenek osatuko dute topaketa.

Uztailaren 10ean ospatuko da Matematikari Euskaldunen IV. Topaketa Eibarko Markeskoa jauregian, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatuta. Data baieztatuta, astelehen honetan matrikulazio epea zabaldu dute eta ekitaldiaren eguneraino egongo da izen emateko aukera. Aurtengo udako ikastaro guztiek bezala, topaketa honek 10 euroko prezioa izango du.

UEUk jakinarazi duenez, covid-19aren izurrite egoeran ikastetxeek jarraitu beharreko prebentzio, segurtasun eta higiene neurri berdinak ezarriko ditu bere egoitza eta jardueretan.

Hitzaldi nagusi batek eta komunikazioen aurkezpenek osatuko dute matematikarien topaketa. Guztira, hamabost minutuko 12 komunikazio saio antolatu dituzte. Goizeko 9.00etan hasiko da ongi etorri ekitaldiarekin eta 14.00etan itxiko dute jarduera. Galderak egiteko tartea ere egongo da.

Aurreko edizioetan legez, hiru helburu finkatu dituzte antolatzaileek. Matematika arloan lanean dihardutenen topagune izatea gura dute, bakoitzaren ikerketa parte hartzaileekin konpartitzea eta baita eta arloan diharduten beste profesionalengandik ikastea ere.

Matematika ikasketetako azken ikasturteetako ikasleei, matematikekin lotutako masterretako ikasleei, matematika irakasleei (edozein mailatan), matematikako ikerlariei eta beste arlo batzuetan matematika erabiltzen dutenei zuzenduta dago.

«Matematikari euskaldunak asko gara eta eremu ezberdinetan dihardugu lanean. Hala ere, sarritan, ez dugu jakiten alboko matematikariak zertan diharduen. Hain zuzen, horretarako antolatzen dugu topaketa hau: elkarren berri izateko, matematikari berriak ezagutzeko eta posible bada elkarlanari bide emateko», azaldu dute UEUtik.

UEUko Matematika sailak 2013an antolatu zuen lehenengo Matematikari Euskaldunen Topaketa, eta honen ondoren etorri ziren bigarren eta hirugarren edizioak. Aurtengoa, beraz, laugarrena izango da.