Haritz Larrañaga

Aurtengo udan euskarazko udalekurik ez Ipar Euskal Herrian

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko haurrei aisialdian euskaraz egiteko aukera eskaintzen dien Uda Leku elkarteak uztaileko udalekuak bertan behera utzi ditu, covid-19ari aurre egiteko bete beharreko protokoloa oraindik ez baita iritsi. Baldintza horietan udalekuetako ekimenak antolatzea ezinezkoa dela nabarmendu du elkarteak.

Soilik Biarritz, Uztaritze, Hendaia eta Baionako bilguneetan egin ahal izango dute euskaraz Ipar Euskal Herriko haurrek (UDA LEKU)
Soilik Biarritz, Uztaritze, Hendaia eta Baionako bilguneetan egin ahal izango dute euskaraz Ipar Euskal Herriko haurrek (UDA LEKU)

Pasa den maiatzaren 29an iragarri zuen Edouard Philippe ministroak aurtengo udalekuak ekainaren 22tik aurrera egin ahal izango direla, baina oraindik ez diete aisialdi irteerak antolatzen dituzten elkarteei zein protokolo bete beharko duten jakinarazi. Horren aurrean, Ipar Euskal Herrian uztaileko udalekuak antolatzen dituen Uda Leku elkarteak behar bezalako eskaintza bat antolatzeko denborarik ez duela nabarmendu du eta aurtengo udalekuak bertan behera uztea erabaki du.

Erabaki zaila izan dela azpimarratu dute, izan ere 1983tik lanean ari den elkarteak urtero eskaintzen die 6 eta 15 urteko haurrei udalekuak euskaraz egiteko aukera. «Pena handia da, batez ere barnealdeko haurrentzat, zeren kostako haurrak, gutxienez, bilguneetara joan ahal dira», adierazi du aisialdi elkarteak.

Biarrizko bilguneak ekainaren 3an ireki zituen ateak aisialdia euskaraz gozatu nahi duten haurrentzako. Hendaiako bilguneak, ostera, ekainaren 10ean irekiko du lokala, eta Uztaritzeko bilgunea, ohiko moduan, opor denboran irekiko da, hau da, uztailean. Baionako bilgunea ere irekiko da, Udalak segurtasun neurriak betetzeko baldintzak ikusten dituenean.

Zozketa

Osasun krisiaren ondorioz Uda Lekuk dituen zailtasun ekonomikoei aurre egiten laguntzeko zozketa bat antolatu du elkarteak. Asteburu bat Iratin eta 2021eko udalekuetan parte hartzeko aukera doan. Beraz, egun egoera zailean egon arren, jendearen sostenguari esker aurrera begira jarraitzen du Uda Leku elkarteak.