Euskal Encounterren edizio birtualak ohiko ekintza guztiak eskainiko ditu

Euskal Encounter informatika topaketaren 28. edizioa sarean egingo da datorren asteburuan. Antolatzaileen esanetan «ahalegin berezia» egin dute bilkura presentzialek barne hartzen dituzten ekintza guztiak eskaintzeko. Izen ematea zabalik dago eta guztira 5.088 pertsonek izango dute lekua. Topaketaren lehen edizioa egin zen leku beretik, Urretxutik, koordinatuko dute sarean egingo den jardunaldia.

NAIZ|2020/07/20
Euskalencounter2019
Euskal Encounterren iazko edizioa, BECen. (Aritz LOIOLA

Euskal Encounter informatika topaketaren 28. edizioa ospatuko da asteburu honetan, ostiraletik igandera bitartean. Berezitasun gisa, koronabirusaren pandemiak eragindako salbuespenezko egoerarengatik, sarean egingo da aurtengo topaketa.

Hala ere, antolatzaileek nabarmendu dute «ahalegin berezia» egin dutela bilkura presentzialek barne hartzen dituzten ekintza guztiak eskaintzeko eta parte-hartzaileen arteko harremana sustatzeko. Ohiko lehiaketak mantenduko dira eta 30 hitzaldi baino gehiago antolatu dituzte.

Izen-ematea zabalik dago aste honetan, eta guztira 5.088 lagunek parte hartu ahal izango dute, iaz BECeko topaketan eserlekua izan zuten pertsonen kopuru berberak, hain zuzen ere.

Topaketa birtualak egitarau zabala izango du, sormen digital, hardware, software libre, eta bideo-joko arloetako ekintzekin, eta teknologiarekin loturiko prestakuntza-eskaintza indartuko du sareko hitzaldien bitartez. Bestalde, teknologia berrien arloko enpresen erakusleiho den Opengune eremua ere mantenduko da aurten. Ekintza ludikoez gain, doako hitzaldiak izango dira interesa duten pertsona guztientzat.

Adimen artifiziala

Aurtengo Euskal Encounterrek adimen artifiziala izango du ardatz, ‘Beyond AI’ lelopean. Horrenbestez, hainbat lehiaketa eta hitzaldi gai horren inguruan izango dira, eta Euskaltel Fundazioa eremu horretan gauzatzen ari den esfortzua nabarmenduko da.

‘BAI Analytics’ proiektua ezagutu ahal izango dute interesatuek: Adimen Artifizialeko prozesuak enpresetan ezartzeko helburua duen taldea da.

Kirol elektronikoen zaleek hitzordu berezia izango dute, ‘Circuito Tormenta’ liga amateurreko lehen geralekua izango baita Euskal Encounter. ‘League of Legends’ jokoaren inguruko txapelketa horretan aritzen direnek 2020ko rankingerako puntuazio maximoa lortu ahal izango dute, ‘Circuito Tormenta’ txapelketaren maila goreneko lehen geltokia izango baita euskal informatika festa.

Koordinatzeko tresnak

Topaketan izango diren jarduera guztiak koordinatzeko, hiru tresna baliatuko ditu Euskal Encounterrek: Discord, Partynet eta Twitch. Antolakuntza eredu hori jada frogatu zen Gipuzkoa Encounter 14 bilkuran, hura ere formatu birtualean egin behar izan baitzen, itxialdia zela eta.

Discord plataformaren bitartez sartu ahal izango dira parte-hartzaileak gaika antolatutako areto birtualetara. ‘Lanparty’ presentzialetan erabili den Partynet antolaketa gailua ere egokitu egin dute %100ean Internet bidez erabili ahal izateko.

Hitzaldiak publiko orokorrari irekita

Arestian aipatu legez, 30 hitzaldi baino gehiago eskainiko dira, gai teknologiko ugariren inguruan. Besteak beste, Vicomtech zentroko ikertzaile Unai Elordik azalduko du nola erabil daitekeen Adimen Artifiziala covid-19aren hedapena eteteko. Bestalde, Data Value Management enpresako datu-zientzialari Borja Balpardak adimen artifizialaren mitoak eta errealitateak jorratuko ditu.

Halaber, bilkuran izena eman ez dutenek ere bat egiteko aukera izango dute, publiko orokorrari irekitako doako hitzaldiak eskainiko baitira, gai teknologiko anitzen inguruan. Horrela, Twitch plataformari esker, zuzeneko saioak igorriko dira streaming bidez, eta topaketa osoaren jarraipena egingo dute Encounter TV programarekin. Bertan, elkarrizketak egin eta festaren momentu berezienak jaso eta komentatuko dituzte.

Koordinazioa Urretxutik

Euskaltel Fundazioak antolatutako egitasmoak atzera begirada ere egingo du, Urretxun bilduko baitira antolatzaileak, lehen Euskal Encounter egin zen leku berean, festaren arlo guztiak koordinatzeko. Ederrena frontoian egin zen lehen bilkura, 1994an, 25 ordenagailurekin, 36 partaiderekin eta internetik gabe.

Alderatu dute oraingoak ez duela orduko egoerarekin «zerikusirik», Urretxuko kontrolgunean segundoko 10Gb-ko abiaduran konektatuko diren ordenagailuekin arituko baitira, «Euskaltelen teknologiari esker».

Euskaltel Fundazioa da Euskal Encointer topaketaren antolatzailea, eta babesle dira Lakuako Gobernua, SPRIren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Urretxuko Udala.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.