Ibon Goieaskoetxea aske aterako da ondoko orduetan

Frantziar Estatuko espetxeetan 11 urte preso egin dituen Ibon Goieaskoetxea preso busturiarra espainiar Poliziaren esku utzi zuten, atzo goizean, Irunen. Gaur goizean espainiar Auzitegi Nazionalera eraman dute. Fiskalak preso bizkaitarra libre uzteko galdegin duenez, Goieaskoetxea libre aterako da datozen orduetan.

NAIZ|2020/09/16
Goieaskoetxea
Ibon Goieaskoetxearen espainiaratzea salatu dute bart Busturian.

Alfontso Zenon abokatuak NAIZI azaldu dionez, espainiar Auzitegi Nazionalera eraman ondoren, fiskalak Ibon Goieaskoetxea aske uztea galdegin du.

Busturiko presoaren kontrako aurkako akusazioak nahiko indarra ez zutenez, hainbat neurri ezarrita hura libre uzteko eskatu du fiskalak. Zehazki astean behin sinatzera joatea eta pasaporte kentzeko eskatu du.

Abokatua eta familia epaileak hartuko duen erabakiaren zain daude. Izan ere fiskalak ez duenez kartzelan sartzea eskatu, ohiko prozedura litzateke Goieaskoetxea berriro ere Soto del Realeko espetxea eramatea eta bertatik aske ateratzea arratsaldean zehar.

Ibon Goieaskoetxea 2010eko otsailaren 28an Normandian atxilotu zuten eta ordutik Estatu frantseseko hainbat espetxetan izan dute gatibu.

Horrez gain, 2015eko apirilaren 3an Fleury Merogiseko espetxe zaindariek jipoia eman zioten Ibon Goieaskoetxeari miaketa batean, eta 2018ko apirilean auto istripua izan zuten bere bi seme-alabek eta emazteak, Euskal Herritik 850 kilometrora dagoen Arleseko espetxera bisita bat egitera joateko Okzitaniako Tolosa hiri inguruak zeharkatzen ari zirenean.

Hamaika urte preso egin ondoren Mont-de-Marsango espetxetik espainaratu zuten, atzo goizean.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK