Imanol Carrillo

Iñigo Peñak brontzezko domina irabazi du Szegedeko Piraguismoko Munduko Kopan

Zumaiarra eta bere ontzikidea, Paco Cubelos, zuzenean sartu ziren ostiralean K2-1.000ko finalean eta gaur hirugarren postua lortu dute Hungarian. Bestalde, Begoña Lazkanok seigarren amaitu du K4-500 metroko finalean.

Iñigo Peñak –eskuinean– Szegedeko podiumean ateratako argazkia. (BASQUE TEAM)
Iñigo Peñak –eskuinean– Szegedeko podiumean ateratako argazkia. (BASQUE TEAM)

Emaitza bikaina lortu du Iñigo Peñak Szegedeko Muduko Kopan (Hungaria), Paco Cubelos bikotekidea zuela, eta indartuta atera dira biak 2021ko Tokioko Joko Olinpikoetara begira. Zumaiarrak brontzezko domina irabazi du K2-1.000ko finalean.

Bi piraguistek 3:21.80ko denbora behar izan dute 1.000 metroak egiteko, baina ezin izan dituzte Cyrille Carre eta Etienne Hubert frantsesak –urrea, 3:20.29– eta Samuele Burgo eta Luca Beccaro italiarrak –zilarra, 3:21.41– gainditu.

Iñigo Peñak eta Paco Cubelosek arazorik gabe gainditu zuten ostiralean K2-1.000 lasterketako sailkatze proba, bigarren postuan amaituz. Zumaiarra eta bere ontzikidea zuzenean sartu ziren finalean, finalerdia jokatu behar izan gabe.

Lazkano, laugarren

Bestalde, Begoña Lazkanok bigarren finala jokatu du igande honetan Szegeden. Larunbatean bederatzigarren izan zen K2-500 metroko proban Laia Pelachs katalanarekin batera, eta gaur seigarren amaitu du K4-500 metrokoan Laia Pelachs, Isabel Contreras eta Miriam Vegarekin.

Laukoteak 1:38.41ko denbora egin du. Urrea Mariia Kichasova-Skoryk, Liudmyla Kuklinovska, Anastasiia Todorova eta Mariya Povkh ukrainarrek irabazi dute. Zilarra  Manon Hostens, Margot Maillet, Vanina Paoletti eta Lea Jamelot frantsesentzat izan da. Eta brontzea, aldiz,  Natalia Podolskaia, Elena Aniushina, Anastasiia Dolgova eta Svetlana Chernigovskayak irabazi dute.  

Bai Iñigo Peñak eta baita Begoña Lazkanok ere –larunbatean bederatzigarren amaitu zuen– iragan irailaren 6an lortu zuten Szegedeko Munduko Koparako txartela, Pontevedran (Galizia) Estatalak irabazi ostean.