Parisek atzera egin du, eta euskarazko murgiltze eredua garatuko da eskola publikoetan

Hiru hilabeteko borroka politiko eta sozialaren ondoren, Hezkuntza Ministerio frantsesak atzera egin, eta Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoan murgiltze eredua irekitzea onartu du. Delibero horrekin batera, murgiltze sistemaren garapenaren markoa definitzeko elkarlana abiatuko da. Berri hau Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar orokorrean eman da ezagutzera, eta bertan Antton Curutcharry presidente berria hautatu dute.

Idoia ERASO|2020/10/15
Eep
EEPko ordezkariak Hezkuntza Akademiako errektorea den Anne Bisagni-Faurerekin mintzatzen. (Guillaume FAUVEAU)

Ostegun honetan Euskararen Erakunde Publikoko biltzar nagusia egin da Baionan, eta bertako partaide diren lau erakundeetako ordezkariak bildu dira: Pirinio Atlantikoetako Departamentua, Akitania Berria Eskualdea, Euskal Elkargoa eta Estatua. Azken honen ordezkari gisara, Bordeleko Hezkuntza Akademiako errektorea den Anne Bisagni-Faure egon da, eta berak eman du Baste Quieta Hiriburuko eskola publikoan murgiltze sistema ezartzeko baimenaren berri. Urriko eskola oporren ondoren, adar berria azaroaren 2an ireki ahal izatea espero dute.

Hezkuntza Ministerioak ezarri zuen Hiriburuko debekuak murgiltze eredua duten beste eskola publikoetan zegoena arriskuan jartzen zuen, baimena ez emateko «antikonstituzionala» zela esaten zuelako. Baimen berri honekin, orain arte dauden eskoletan atxikitzearekin batera, etorkizunera begira, Ipar Euskal Herrian murgiltzea garatzeko marko baten ezartzea hitzartu da biltzar orokorrean, errektoreak erran duenaren arabera «horrelako egoera berriz errepikatu ez dadin».

Hezkuntza publikoan murgiltze eredua eta elebiduna ezartzeko markoa definitzeko momentuan lurraldetasunak izango duen garrantzia azpimarratu dute biltzar orokorrean egon diren politikariek, eta orain arte zegoen segurtasun eza «sistema segurtatu batekin finkatzea» nahi dutela baieztatu du Antton Curutcharry EEPko presidente berriak.

Hezkuntza Ministerioko ordezkariarekin batera biltzar orokorrean parte hartu duten beste erakundeetako ordezkariek, prentsaurrekoa eman dute biltzarraren ondoren, eta erabakia berri oso ontzat jo dute, «garaipen» gisara ere definitu da.

Borroka historikoa

EEPko presidente berria izateaz gain Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikarako eta Kulturarako lehendakariordea den Curutcharry; Mathieu Berge, EEPko Akitania-Berriko eskualde-ordezkaria; Benedicte Luberriaga EEPko Pirinio Atlantikoetako ordezkaria; Alain Iriat Hiriburuko auzapeza; Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariak, erabakia politikoki eta gizarte mailan izan den presioaren eta batasunaren ondorio izan dela nabarmendu dute aho batez. Eta zentzu horretan, «borroka historikoa» izan dela azpimarratu du Bergek.

Murgiltze ereduaren borrokan, Hezkuntza Ministerioaren aurrean izan den mezuaren batasuna laudotu dute, bai erakunde ezberdinen artetik, baita tendentzia politiko ezberdinen artean ere, eta gizarte mailan izan diren mobilizazioak ere gogoan izan dituzte, bereziki aipatu dute urriaren 10ean egin zen manifestazioa, non 1.000 pertsona bildu ziren ‘Euskarak murgiltzea behar du’ lelopean, Euskal Konfederazioak eta hezkuntza elkarte ezberdinek egindako deiari erantzunez.

Hezkuntza publiko elebidunean haur hezkuntzako murgiltzearen garrantzia azpimarratzearekin batera, hezkuntza ibilbide elebidunak izan behar duen jarraikortasuna lantzeko egin beharreko lana ere gogora ekarri dute. «Eskaintzaren koherentzia» behar dela baieztatu du Brissonek. Zentzu horretan eskualde hizkuntzak arriskuan jartzen dituen lizeoen erreforma ere aipatu dute, baina baita epe luzerako borroka gisara definitu ere.

EEP arriskuan

Urriaren 12an EEPko ordezkariak Hezkuntza ministeritzako ordezkariekin elkartu ziren Parisen bigarren aldiz, Baste Quieta eskolako murgiltze ereduaren gaia eztabaidatzeko. Bergé, Brisson, Luberriaga, Espagnac eta Curutcharry, izan ziren Parisen, prentsaurrekoan Hezkuntza ministeritzako kideekin izandako bilkuran agertu zuten «fermutasuna» nabarmendu dute, eta aldi berean Jean-Michel Blanquer ministroari erantzuna ostegun honetarako biltzar orokorrerako ematea eskatu zioten. Erantzuna ezezkoa izan balitz, EEPren baitan dauden lau erakundeen arteko ez ulertzeak, izan zezaken arriskua agerian utzi zuten Pariseko bilkurara joan ziren ordezkari politikoek.

Hori dela eta Curutcharryk ostegun honetan nabarmendu du, erabaki honekin «EEPa bera salbatu» dutela. Horren garrantzia azpimarratzeko «hizkuntza politika garatzeko lan egiten duen makina handia» dela oroitarazi nahi izan du, eta aldi berean, «eztabaidarako gune amankomuna» ere badela adierazi du.

Zentzu horretan lehendakari berriak nabarmendu du: «Euskarazko hezkuntzaren eskaintzari dagokionez ez gara gaizki abiatzen».

Borroka uztailetik

Bordeleko Hezkuntza Akademiako errektoreak uztailean jakinarazi zuen Hiriburuko Herriko Etxearen sostengua zuen eskola publikorako euskarazko murgiltze eredua ez zuela onartzen.

Iaz indarrean sartu zen legediaren arabera, hiru urtetik gorako irakaskuntza derrigorrezkoa den neurrian, «Errepublikako hizkuntza ofizial bakarra» erabiltzera behartuak daudela argudiatu zuten, eta murgiltze eredua «araudiaren kontrakoa» dela ohartarazi zuten.

Bordeleko akademiak hartutako erabakiaren ostean prentsaurrekoa eskaini zuten Beñat Arrabit EEParen lehendakariak eta Alain Iriart auzapezak eta 2008az geroztik eskola publikoan euskararen irakaskuntzan garatzeko indarrean dagoen esperimentazio programa «arriskuan» egon zitekeela ohartarazi zuten. «Erabakia oso larria da», azpimarratu zuen Iriartek.

Eskola pribatuetako ordezkariek eta Seaskako ordezkariek ere Hezkuntza Ministerioaren argudioak gaitzetsi zituzten, eta murgiltze eredua debekatzeko erabakia gainontzeko eremuetara hedatzeko beldur zirela adierazi zuten.

Ordutik Ipar Euskal Herriko ordezkari politiko esanguratsuenek Gobernu frantsesaren erabakia gaitzetsi zuten eta hainbat mobilizazio egin dira. Irailaren 1ean Hiriburun bertan elkartaratzea egin zen Ikas Bi, Biga bai, Euskal Haziak, Euskara Geroan, Erakasleak eta Seaska elkarteek deiturik, eta hamarnaka pertsona elkartu ziren, hainbat hautetsi barne. Azken mobilizazioa, aurreko larunbatean Baionan 1.000 pertsona bildu zituen manifestazioa izan zen.