Naiz
DONOSTIA

«Segurtasuna zorroztuz», presoen egoeraren larritasuna ikusaraziko du Sarek Donostian, hilaren 24an

Urriaren 24an, Donostian, Sarek manifestazioa eta mosaiko erraldoia egingo du ‘Resolution! Etxera!’ lelopean. Osasun larrialdi egoera kontuan hartuta, gaurko agerraldian bertan hartuko diren neurriak aurkeztu dituzte, ekimenaren beraren helburuekin batera.

Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiartzabalek eman dituzte mobilizazioaren inguruko zehaztapenak. (SARE)
Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiartzabalek eman dituzte mobilizazioaren inguruko zehaztapenak. (SARE)

Zortzi egun barru, urriaren 24an, Sarek euskal gizarteari dei egin dio, «atxikimendu ideologikoak edo alderdikoiak alde batera utzita», Antigua auzoan hasi eta Kontxako hondartzan mosaiko handi bat osatuz amaituko den mobilizazio berezi batera.

Sareko kide Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiartzabalek nabarmendu egin dute «salbuespeneko espetxe politikak indarrean jarraitzen duela euskal presoei dagokionean», bai espainiar, bai frantziar estatuetan. Era berean, «hainbeste urtetako sufrimenduarekin amaitzeko eta konponbiderako eta bizikidetzarako urrats irmoak ematen hasteko momentua» dela azpimarratu dute.

Bide horretan kokatu dute hainbat presoren lekualdatzea. «Bistakoa da familientzat aringarria izan daitekeela bisitak Algecirasen egin beharrean Salamancan edo Estremeran egitea. Baina urrats horiek ez dute esan nahi urruntze politika hori amaituko denik. 204 presoetatik sei baino ez daude euskal kartzeletan. Egoera horrekin behin betiko eta irmoki amaitu behar da. Tinta-erdiek ez dute balio».

Elkarbizitzan aurrera egiteko espetxeetako egoerak bidezko irtenbidea izan behar duela iritzi dute. «Ez baitira presoen eskubideak soilik urratzen, baita haien senideenak ere. Egoera hori, gainera, euskal deportatu eta erbesteratuei ere aplikatzen zaie, oraindik ezin izan baitute etxera itzultzen hasi».

Osasun krisia

Egoera larriagotu egin da koronabirusaren ondorioz: «Presoen eguneroko bizitza zailtzen ari da, kontuan izan behar baitugu ingurune masifikatuan, itxian, baldintza higieniko zalantzagarrietan eta osasun-sistema prekarioan daudela espetxeetan». Eta senideak ere egoera hori pairatzen ari dira, bisitak egiteko zailtasunak direla edo bis a bisik gabe geratu direla, besteak beste.

«Errealitate honek era nabarmenean presoen seme-alaba diren 89 haurrei eragiten die. Horietako askok sei hilabete baino gehiago daramatzate aita, ama edo biak besarkatu ezinik. Zigor ankerregia da, eta desagerrarazi egin behar da», gehitu dute.

Euskal Herrian gehiengo politiko eta sindikala egoera honekin amaitzearen aldekoa dela nabarmendu du. «Gure ardura da une hau aprobetxatzea», eta zentzu horretan kokatu du 24an ‘Resolution! Etxera!’ lelopean egingo den mobilizazioa.

Kontxan mosaiko handi bat osatuko dute. Milaka lagun elkartze aurreikusten dute eta, beraz, segurtasun neurri bereziak hartuko dituzte. Manifestazioa lau ilaratan jarrita egingo dute, metro eta erdiko tartearekin. Eta distantzia hori bera mantenduko da mosaikoaren osaeran ere. «Presarik gabe ibiliko gara, distantziak beti errespetatuz eta mantenduz, musukoak une oro jarrita eramango ditugu (modu egokian), oinez goazela, autobusetan eta mosaikoan zehar».

Neurri horiek ziurtatzeko, segurtasun txandak indartu dituzte, eta bi pertsona izango dira bozgorailuetatik une oro arauak gogorarazten.