NAIZ

Lander Garrok irabazi du XX. Augustin Zubikarai saria

‘Faith’ nobela-proiektuarekin irabazi du Lander Garrok XX. Augustin Zubikarai saria. Poliziaren jazarpenetik ihesi Bartzelonara argazkilaritza ikastera doan mutila izango da nobelako protagonista.

Lander Garrok urriaren 30ean jasoko du saria, Bermeon. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Lander Garrok urriaren 30ean jasoko du saria, Bermeon. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lander Garroren nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Elkar-ekin jakinarazi dutenez, hogeita bederatzi lan aurkeztu dira sariketara eta horien artean Garroren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria urriaren 30ean arratsaldeko seietan emango zaio, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

‘Faith’ du behin-behineko izenburua Lander Garroren proiektuak, eta bertan kontatzen du Xabi Ugartek, idazlearen alter ego-ak, Bartzelonan pasatzen duen aldia, argazkilaritza ikastera joanda, Euskal Herriko giro nahasitik eta poliziaren jazarpenetik urrundu nahian. Epaimahaiaren hitzetan, «idazkera fresko eta sinesgarria, eguneroko bizitzaren taupadak idatziz jasotzeko abilezia, gai jasoen eta xeheen arteko konbinazio egokia eta testuaren erritmoa nabarmentzen dira, besteak beste, eleberri-asmo honetan».

Lander Garrok (Orereta, 1975) ‘Orain galdera berriak ditut’ ipuin liburua eta ‘Kontrarioa’ eta ‘Gerra txikia’ nobelak idatzi ditu, besteak beste. Ikus-entzunezkoen egile gisa argazkilaritzan nabarmendu da, telebista saioen gidoi eta errealizazioan, eta zinemako zuzendaritzan ere bai. Azkena, ‘Bi urte, lau hilabete eta egun bat’, orain gutxi estreinatu eta arrakasta izate ari den insumisioari buruzko dokumentala. Protagonisten artean, Gaizka Aranguren, Juan Kruz Lakasta eta Tonino Carotone daude.

Iragan den astean Etxepare Itzulpen saria eskuratu zuen, Eider Rodriguez-ekin batera, azken honen ‘Bihotz handiegia’ ipuin-bildumaren gaztelerarako itzulpenagatik (‘Un corazón demasiado grande’).