Amaudy Hauchard (Argazkiak: John Wessels)

Nemadiak, Mauritaniako ehiztari herriaren azken borrokalariak

Mauritaniako lur elkorretan, nemadi (N’Madi) izeneko ehiztari herriak mendeetan eramandako bizimodu tradizionala desagertzeko zorian dago. Modernitateak eta, batez ere, krisi klimatikoak ekarritako gainbeheraren aurka borrokatzen ari dira. Haiekin izan gara.

Nemadi gehienak ohiko bizimodua bertan behera utzi eta gamelu-artzain bihurtu dira.
Nemadi gehienak ohiko bizimodua bertan behera utzi eta gamelu-artzain bihurtu dira.

Bost egun eman genituen Mauritania erdialdeko basamortutik bidaiatzen, Tichitt eta Aratene herrien artean. Hiru nemadik gidatu gintuzten: Ahmadou, Ahmed bere semea eta Cheid izeneko hirugarren gizon bat. Nemadi eta N’Madi izeneko talde etniko txikiaren kideak dira, mendeetan bilketa eta ehizatik bizi izan diren nomada herriko partaideak, alegia. Ez dago haien inguruko ikerketa larregirik; beraz, zaila da oso informazio zehatza jasotzea.

Loudeyatt herrixkan gaude, kultura honetako kanpamentu nomadetako batean. Dozena bat karpa ikus daitezke sakabanatuta. Hemen 50 bat lagun bizi dira abereekin. Gehienak ahuntzak dira. Frantses hizkuntzako eskola dago, oso xumea, egia esan. Nemadiei ez zaie aberastasun materialik ikusten.

Galdera ugari sorrarazten dira basamortuko gune galdu honetara iristean. Zein hizkuntzatan mintzatzen dira? Batzuek diotenez, hassaniaren dialekto batean mintzatzen dira –Magrebeko hego-mendebaldeko basamortuan gehien mintzatzen den arabieraren dialekto batean, beraz–; eta beste batzuek, hemen hitz egiten dena hassaniaren, zenagaren –Senegal eta Mauritaniako bereber hizkuntza, ia desagertuta dagoena– eta soninkeren arteko nahasketa dela diote. Mali, Senegal, Gambia eta Mauritanian bertan errotutako soninke herriaren hizkuntzan, egia esan, nemadi hitzak «txakurren maisua» esan nahi du.

Izanak izan, adituen esanetan, gaur egun ehunka nemadi besterik ez da gelditzen, Afrikako herrialde honek behin eta berriz jasandako lehorteak haien bizibide tradizionala kolokan jarri duelako.

70eko hamarkadan Sahelek pairatu zuen lehortearen eraginez, nemadi gehienak ohiko bizimodua bertan behera utzi eta gamelu-artzain bihurtu ziren. Horixe bera egin zuen Ahmadouren familiak. Gaur egun gameluak dituzte, Mauritanian aberastasunaren seinale, eta beraien herrikoak baina maila altuxeago batean daudela esan daiteke, behartsuekin lotzen ohi baita beraien kultura. Eta Mauritanian, munduan dagoen herrialde pobreenetakoan, pobrea izatea latza da oso.

Nemadien gehiengoa (%65) islamaren jarraitzailea da, eta gainerakoak beraien erlijio tradizionalari eusten dio. Suposa daiteke, oryxeak eta antilope zuriak ehizatzen. Zaila da haiekin harremanetan jartzea, bata bestearengandik urruti eta ia kontakturik gabe bizi direlako.