Agurtzane Belaunzaran (Argazkiak: Pedram Yazdani)

Maputo, Afrikako esentzia

Historia interesgarria, kultur agenda zabala, Indiako Ozeanoaren brisa, itsaskiak, kafe gozoa, Portugalen herentzia diren esnegainezko pasteltxoak eta zuzeneko musika emanaldiak gauero. «Maputo é demais!», diote bertakoak. Mozambikeko hiriburuan gaude.

Maputoko tren-geltokia.
Maputoko tren-geltokia.

Afrikako hiririk atseginena izendatu zuten Maputo, Mozambikeko hiriburua. Egia esan, bada zer ikusi, dastatu, gozatu eta entzun, goizean goizetik hasi eta gaueko ordu txikiak artean.

Etorbide zabalak, jakaranda zuhaitzak kale bazterretan eta erregela eta kartaboiarekin diseinatuko traza du itsasbazterreko hiriak. XIX. mendean portuaren eta tren geltokiaren inguruan kokatu ziren kolono portugesek Lourenco Marques izena eman zioten. Gerora, independentzia ondoren jaso zuen Maputo izena. Hiriko arkitektura garai historiko ezberdinen adierazle garbia da; Portugaleko kolonia garaiak, Sobietar Batasunaren eraginak eta azken urteetan hirian leku hartu duten eraikin modernoek osatzen baitute Maputoren bisaia arkitektonikoa. Kale nagusiek munduko lider politiko sozialista-marxistei eta Afrikako lehen agintari beltzei egiten diete ohore; Ho Chi Min, Karl Marx, Juluis Nyerere, Salvador Allende, Mao Zedong edota Samoral Machelen izena hartzen baitute sozialismoa eta marxismoa ia ahanzturan dituzten hiriko kaleek.

Maputoko a baixa gunean edota beheko aldean daude kolonia garaiko eraikin nagusiak. Hiriko eraikinik bisitatuena da tren geltokia eta motiborik ez zaio falta bisita ukatzeko, eraikinari oparotasuna eta elegantzia baitario. Mozambikeko beste hiriekin loturak egiteaz gain, caminhos de ferroko bideak Zimbabwe, Swazilandia edota Hegoafrikarekin lotzen baitira. XX. mende hasierako eraikina duela gutxi eraberritu dute eta Trenaren Museo interesgarriak ateak ireki berri ditu, hiriaren jatorriak eta historiak trenarekin duten erlazioaz jabetzeko bisita interesgarria da hauxe.

Merkatu nagusia da hurrengo geldiunea. 1923koa da eraikin dotore hau eta hiriko merkaturik garbi eta txukunena da. Dozenaka postuetan, Afrikako lurrak eta itsasoak ematen dituen fruitu, barazki eta espezieak daude. Peri-peria, Mozambikeko gastronomian nahitaezkoa den piper saltsa pikantea ere bertan erosteko aukera dugu.

Arrain postuetan dauden saltzaileek, aldiz, tripazorriak dantzan jarriko dizkiguten marisko, txirla eta otarrainxkak prezio tentagarrian eskaintzen dituzte. Artisauek egurrez eta zumitzez egindako lanak eskaintzen dituzte, begi eta gustu guztiak asetzeko lain, eta merkatuaren amaieran, Afrikako emakumeek hainbeste maite dituzten ileordeak saltzen dituzte bata bestearen ondoan pilatutako dendatxoetan, look eta kolore ezberdinetakoak daude eskuragarri, estilo klasikoenetatik modernoenetaraino.

«Kapulana» bat zintzilik

Merkatu zentralean begiak gozatu eta poltsikoa astindu ostean, Elefante etxea dugu jomuga. Ez dugu animaliarik aurkituko hemen, bai ordea, kolore, diseinu eta kalitate anitzeko kapulanak. Miren Amuriza bertsolari eta idazleak ekarri zuen gurera kapulana hitza, Mozambiken egin zuen egonaldiaren ondoren ‘Kapulana bat zintzilik’ ikuskizuna herriz herri eskaini zuenean. Kapulana Mozambikeko (Afrikako herrialde askotan ere bai, izen ezberdina ematen bazaio ere) emakumeentzako oinarrizko oihala da: haurrak bizkarrean eramateko, soineko moduan janzteko, jana biltzeko, buruan zapi gisa jartzeko edota etxeak apaintzeko.

Globalizazioak eta Mendebaldeko moda influentziek ez diote eragin handirik egin. Hiriko kaleetan, tela preziatu hau soinean eramaten dute elegantzia ederrarekin bertako emakumeek. Kapulana Mozambikeko kulturaren eta identitatearen sinboloa dela aipatu digu Elefante etxeko arduradun den Meera Radiak. 97 urtez ateak zabalik izan dituen denda hau erreferente bihurtu da hirian. Arduradunak dio emakumeek pazientziaz eta kontzientziaz aukeratzen dituztela oihalak, kapulanak erostea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.

Ibilbideari jarraituz, a baixa zonaldea atzean utzi eta hiriaren goialderantz garamatzan Samora Machel kaleak Tunduru parkera gerturatuko gaitu. Asteburuetan ezkontza ospakizunetako gunea da zuhaitz eder eta lorategidun parke hau, hiriko zurrunbilotik ateratzeko arnasgunea. Ate nagusiaren sarreran, burdinazko etxe xelebrea dago, Casa do Ferro gisa ezagutua. Lourenço Marquesen urrezko garaietan, Eiffel arkitekto ospetsuak diseinatu zuen bertako agintari batentzat. Burdinazko eraikin aurrefabrikatua gaur egun turismo bulegoa da.

Aldapan gora goazela jarraituz, eraikin eder batek atentzioa bereganatuko du, CCFM Centro Cultural Franco-Moçambicano da. 1995. urtean ireki zituen ateak (Gerra Zibila amaitu eta hiru urtera) eta Afrikan bizi diren artista eta sortzaileen erakusleihoa da. Agenda kultural zabala eskaintzen dute, antzerkia, ipuin kontaketak, musika emanaldiak, dokumentalak eta hilabetero margolari edo eskultore baten erakusketak leku hartzen du bertako gela nagusian. Oso leku atsegina da Maputoko alternatiboen eta artisten bilgune hau. Kafetegi eder bat du lorategi batekin eta kafezaleentzako parada ezin hobea, indarberritu eta hiriko txokoak ezagutzen jarraitzeko.

Sobietar Batasuneko zantzuak

Samora Machelen gidaritzapean lortu zuen independentzia Mozambikek eta bederatzi urtez presidente izan zen. ‘Nazioaren aita’ esaten diote eta gizon preziatu eta maitatua da. Porlan grisezko Samora Machelen estatua erraldoiak, Sobietar Batasunaren influentziako garaiak dakartza gogora, ezkerreko eskua gorantz jasoa du oraindik aginduak ematen ariko balitz bezala eta soinean jantzi militarra, Fidel Castro eta Hugo Chavezen traza hartuz. Sobietar estilo puru-purua gordetzen duen udaletxearen parean dago Mozambike askatu zuen gizonaren estatua.

Gris kolorea puskatzen du alboan dagoen Sorkundearen katedralak. XX. mendeko eliza zuri moderno honek erabat hausten du inguruko estilo arkitektonikoa eta kanpandorrea Samora Machelen eskua baino gorago luzatzen da. Jainkoaren eta politikariaren indarren arteko sestra bailitzan.

Hiriaren goiko aldean pausatuz, Historia Naturalaren Museoa manueldar estiloko eraikin dotore eta berezia da. Mozambikeko animalien bilduma zabala dago eta 21 elefante fetu daude ikusgai.

Nucleo de Artetik pasatuko gara ondoren, bertan pintzela esku batean dutela eta koloretako paleta bestean, mihiseetan beren sorkuntzak irudikatzen aurkituko ditugu artistak. Kreazio gunea izateaz gain, arte galeria ere bada eta horretaz gain, igande gauetan jazz musika zuzenean entzuteko aukera dago.

Artistak atzean utzi eta artisauak bisitatuko ditugu, Parque dos Continuadoresen. ‘On Kixote’-ko pasarte bateko idatzia irakurtzen da parkeko muraletan eta zuhaizpean artisau andana lanean; ebano egurra lantzen, larruarekin poltsak egiten, zumitzezko zestoak, batikak airean Afrikako eguneroko bizitza islatzen...

Artisauen plaza honetan, gastronomiak badu tokia eta janari tradizionala dastatzeko aukera ezin hobea da, karramarro matapa (mandioka hosto, kakahuete eta koko esnearekin egindako saltsa) eta otarrainxka karila (koko esnea, tomatea, kurkuma eta barazkiekin egindako saltsa) dira plater izarrak.

Nazio identitatea

Mafalala auzoa ezin bisitatu gabe utzi. Hala diote bertako auzotarrek ere: «Mafalala bisitatzen ez duenak ez du Maputo bisitatu». Fabela tankera duen auzune honetan (txapazko eta okumezkoak dira etxe gehienak eta asfaltatu gabeko kaleak), Gerra Zibil garaian herrialde osotik etorritako etorkinek beren tokia aurkitu zuten, aniztasun handia duen auzunea da.

Samora Machel gaztea kasu, gerora Mozambikeko presidente izango zena, Mafalala auzoan bizi izan zen, erizain ikasketak burutu eta hiriburuko ospitalean lan egin zuen urteetan. Kontzientzia politikoa eta soziala piztu zen auzotarrengan; eskubiderik eza pairatzen zuten eta Hegoafrikako meategietan lan egiten zuten Mozambikeko langileek apartheidaren berri ematen zieten.

Nahaspila honekin guztiarekin, Mafalalan nazioa askatzeko ideiak loratzen joan ziren, honela Samora Machelek erizain mantala albo batera utzi eta lidergo politikoa hartu zuen, 1975ean Mozambikeko lehen presidente bihurtuz.

Jazzaren erritmora, inprobisatzen Maputoko gauak zuzeneko musika eskaintzen duten areto eta tabernaz josirik daude. Asteartetik hasi eta igandera bitartean, jazza, marrabenta (Mozambikeko musika tradizionala) edota Brasilgo musika gozatzeko aukera ugari ditu hiriak. Jazz musikaren maitaleak dira maputoarrak, Hegoafrikaren influentzia da inprobisazioaren musika hau.

Nucleo de Arten igandetan eta Fernando Couto fundazioan larunbatetan jazz musika zuzenean entzuteko aukera dago. Africana, Bar no Bar, Beer Garden eta Ximan astean zehar estilo ezberdinetako kontzertuak eskaintzen dira. Fernando Leite Couto (Mia Couto idazlearen aita) poeta eta idazlearen fundazioan emango diogu amaiera egunari eta hasiera gauari. Goiko liburutegian, Leite Coutoren liburu bilduma interesgarriaz gozatuko dugu eta, bide batez, beheko solairuko erakusketa gelako lanak ikusiko ditugu.

Jazz musikak girotzen du Maputoko gaua eta horma batean hauxe irakur dezakegu: «Nire bizitza etxe bat bezalakoa izatea nahiko nuke, leihoak ametsei zabalduak, ateak jendeari», Fernando Leite Coutoren hitzak dira fundazioaren lelo bihurtuak, poetak halakoxea nahi zuen bere bizitza eta halakoa da bere hiria ere. Edonor etxean bezala sentiarazten baitu Maputok.