Urtzi Urrutikoetxea (U.U eta Getty)

Queensland, hegoaldetik iparrera

Australia uharte-kontinente-herrialde erraldoia da. Kostalde tropikalera joango gara, Queensland estatuaren hegoaldetik, Koral Hesi Handia hurbilen dagoen eremu epeleraino. Furgonetan. Bidean, hiri interesgarriak, natura ikusgarria, aborigenen kultura, fauna zoragarria... eta euskal arrastoak.

Gold Coast, Brisbanetik hurbil, Queensland hegoaldeko leku turistikoenetarikoa.
Gold Coast, Brisbanetik hurbil, Queensland hegoaldeko leku turistikoenetarikoa.

Hiriburuan ekin diogu bideari. Sydney eta Melbourneren arteko lehiatik aparte, Brisbane Australiako «hirugarren» hiria da (Perthek eta Adelaidak esanak esan). Bi handiek gutxiespen puntu batekin begiratu izan diote, probintzietako herri bati bezala, baina gutxik dute Brisbanek biltzen duen guztia: hiri ederra, batetik, bizi maila altukoa, atsegina, kultura askoren bizileku, Australiara adi eta mundura, Asiara eta Ozeaniara –Melanesiara, Polinesiara...– begira. Eta hori guztia, klima epel paregabearekin, Kaprikornio tropikotik hurbil.

Hurbil, baina Kaprikornio tropikotik kanpo dago Brisbane. Hala, ia bi mila kilometroko ibilbide honek Queensland estatuko kostalde osotik eraman gaitu, Cairns eta Port Douglaseko oihan tropikal hezeraino. Lurrazaleko bide luzea furgonetaz, Ozeano Barearen ertzean, eta parez pare munduko mirari ederrenetakoa dugula: Koral Hesi Handia (ahalbait lasterren bisitatzeko beste motibo bat da klimaren gorabeherek ekarri dioten mehatxua, korala zuritzen eta desagertzeko arriskuan baita).

Brisbane ibaiaren ertzean ederto bizi den hiria da Queenslandeko hiriburua. Hondartza artifiziala ere badu, eta oso atsegina da ilunabarretan inguruko ostatuetan afaltzea (adi jabiru hegazti beltz erraldoiei, ordea, edozein deskuidu baliatuko dute mahai gainean utzitakoak beren moko luzeaz heltzeko).

Erdialdetik urrunduta, Brisbaneko beste txoko paregabe bat dago: Lone Pine koala santutegia. Kanguruarekin batera Australiako animaliarik ikonikoenaren bizilekua da, eta 1927tik santutegi berezia dauka hemen. Kontinenteherrialde erraldoi honetako beste animalia ugari ere ikus litezke, eta zelai zabalean dauden dozenaka kanguruentzat janaria erosteko aukera ere badago. Santutegiko bidea ez da zaila hiriko kaleetatik irtenda, baina badago beste era interesgarri bat haraino iristeko: ibaian behera joatea ontziz. Goizeko hamarrak inguruan abiatzen dira Mirimar ontziak Victoria Bridgetik, eta Brisbaneko bi aldeak ezagutu eta ikusteko aukera bikaina ematen dute.

Baleen bila

Gold Coast Brisbanetik hegoalderantz dago, New South Waleserantz, hainbat gune turistikorekin. Iparrerantz doan kosta-lerroari berriz, Sunshine Coast deitzen diote. Noosa da askorentzat txoko kuttuna: hondartza luzea du, surferako aukera ugari, eta hareatzaren parean kafetegi, taberna eta tabernez osatutako giro mediterraneo atsegina dago. Herritik irtenda berriz, hondartza igaro berri, Nossa parke nazionala hasten da. Kilometro biko ibilbide atsegina da, eukalipto basoen artean eta kostako bideetatik, hainbat hondartza eder bisitatuz (baita koalaren bat ere, zorte pixka batekin).

Noosatik posible da joatea Fraser uhartera (K’Gari bertako aborigenen hizkuntzan), baina gehienentzat Hervey Bay da abiatzeko lekua. Hareazko munduko hondartza handiena da, eta munduko ondarearen zerrendan daude bertako euri-oihan tropikalak eta irlako berrogei aintzirak. Egun bateko txangoak egin daitezke, eta posible da 4x4 autoa alokatu eta kanpatzera joatea ere (esperientziarik behar ez dela esan arren konpainiek, hareatan gidatzea ez da beti erraza eta gurpilak ez atzera ez aurrera gera daitezke). Australiako animaliarik berezienetakoa ikusteko lekurik onena ere bada uhartea: dingoa. Dozenaka dabiltza libre, eta oso ederrak izan arren, basanimaliak direla ere kontuan izan behar da beti, umeekin egonez gero batez ere.

Itsas faunara adi

Kontinentera bueltan, itsas faunara adi egon behar, nahiz eta, sasoia denean (uztailetik urrira, kumeak jaio eta atzera Antartikarantz abiatu aurretik), erabat merezi duen beren-beregi hartzea txangoa baleak ikusteko. Sekulako ikuskizuna da ugaztun erraldoi eta jostari horiek horren hurbil ikustea.

Fraser eta Hervey Bay utzita, ehunka kilometro eta kilometro ditugu aurretik. Nekazaritza da nagusi, fruta arbolak, zitrikoak eta, batez ere, azukre kanaberadiak eta haien inguruan eraikitako herri eta hiri txikiak.

Rockhamptonen Kaprikornio tropikoa igarotzen da iparralderantz, gero eta epelagoa da klima, hondartza ederrak ageri dira, eta barnealdean Eungella bezalako parke nazionalak, ornitorrinkoa behatzeko (goizeko lehen orduetan, isil-isilik egonda saiatu behar da, eta ez da erraza ikustea), eta azkenean Airlie Beacheko Whitsundays uharte zoragarrietarako ataria da. Herria bera atsegina da, ostatu eta kanpaleku asko ditu eta txangoak antolatzeko lekuak ere bai: egun bakarreko bisita egin liteke, baita uharteren batean lotan gelditu ere, edota zenbait uharte bisitatzeko bizpahiru eguneko txangoa hartu. Lasaiagoak batzuk, hondartza eta parranda lotzen dituztenak beste batzuk. Parajea, edozelan ere, bikaina da.

Korala

Hemendik aurrera, Ipar Queensland dator. Townsville Australian okerren baloratutako hiria dela argitaratu zuen gidaliburu batek, eta guztiz bat gatoz, benetan atsegina baita Queenslandeko bigarren hiria. Gehienentzat Whitsundays eta Cairns ingurura bidean dagoen geltoki soila da, baina hiriak eta inguruak benetan merezi dute geldialdi luzeagoa. Tropikala eta beroa, pasealeku bikaina eta bainuleku artifiziala ditu, bazterrotako marmoka arriskutsuetatik libre. Parez pare Magnetic Island uhartea dauka txangoak egiteko (koala santutegi eta guzti), eta hiriko parkeetan ere ur-jolasak izaten ditu.

Hori gutxi balitz bezala, Australiako euskal komunitatearen hiririk garrantzitsuena da. 60ko hamarkadan honaino etorri ziren Ondarroa, Markina eta beste herri batzuetatik azukre kanaberadietan lan egitera, eta gaur euretako askok rantxo handiak dituzte. Beti da bisita interesgarria euren ospakizunen batean egotea, eta hiriak bestela ere, sarritan ospatzen du nortasun multietnikoa, aborigenak, asiarrak, Pazifikoko uharte txikietako biztanleak eta Europako jatorria dutenen artean.

Hemendik iparrera Australiako biodibertsitate handieneko guneak datoz, munduko ondare izendatutako oihan tropikal heze eta guzti. Cairns eta, zertxobait iparrerago joanda Daintree, Port Douglas eta Cape Tribulation dira bidaiako azken geltokiak. Australiako turismoaren gune garrantzitsuenak dira, tropiko betean, denetik egin daitekeelako klima epeleko paraje eder hauetan: itsasoari begira euretako asko (beti adi aholkuei, marmokak urte osoan egon litezke, ura epelen dagoenean batez ere), noski, baina baita barnealdeko oihanetan, Kurandako mendixka eta azoketan, edo aborigenek eurek kudeatutako Tjapukai kulturgunean. Lurreko bi mila kilometroko ibilbideak itsasoan dauka segida, munduko koral barrera handiena ezagutzeko.

Airez egiten dute batzuek, sos aski dutenek, itzelezko ikuskizuna baita airetik. Ontziz joanda ere, oso ederra da, turistentzako atondutako plataforman sarritan. Ur azalean, urpean igerian (gorputz osoa marmoketatik babesteko jantziekin, agentziek eurek banatzen dituzte), ontzian, gidariarekin edo norbere kontura, zoragarria den eta desagertzeko arriskuan dagoen munduko altxor handienetakoa da Koral Hesi Handia.

Australia beste bi mila kilometro luzatzen da oraindik iparrerantz, York lurmuturreraino, Papua Ginea Berriaren parean. Ez dago ia errepide asfaltaturik haraino joateko, ordea, oihana eta sabanako pista bat. Beste abentura hori hurrengo baten izango da.