Amagoia Bilbao

Haragi eta Gorgonzolaz beteriko piperrak

(GETTY IMAGES)
(GETTY IMAGES)

Osagaiak 4 lagunentzat
16 pikillo piper, irina, arrautza, olioa. Betegarria: tipula bat, azenario bat, 100 g kuiatxo, 350 g txahalki txikitua, 50 g hirugihar, 125 g gazta Gorgonzola, gatza, olioa. Saltsa: tipulina bat, 100 g intxaur, 150 ml esne-gain, 150 ml esne, 30 g gazta Gorgonzola, olioa, gatza.

Zailtasuna                           3

Betegarria:
1. Eltze batean txikitutako tipula olio pixka batekin erregosi, su eztitan.
2. Birrindutako azenarioa eta kuiatxoa gehitu eta erregosi, su eztitan.
3. Barazkiak eginda daudenean, txikitutako hirugiharra eta haragia gehitu eta arin erregosi.
4. Haragia sutatik kendu eta zatitutako gazta gehitu eta nahastu. Behar adina gatz bota eta hozten utzi.
Saltsa:
1. Txikitutako tipulina olio pixka batekin erregosi, su oso eztitan eta estalita. Noizean behin eragin.
2. Intxaurrak txikitu eta gehitu.
3. Esne-gaina eta esnea gehitu eta 8 minutuz egosi. Gazta bota eta egosi, urtu arte. Behar adina gatz bota.
Bukatzeko:
1. Zartagin batean piperrak, bere salda eta ur pixka batekin 5 minutuz egosi. Hozten utzi.
2. Piperrak bete.
3. Irineztatu eta irabiatutako arrautzatik pasatu.
4. Zartagin batean olio ugari berotu eta piperrak frijitu. Paper baten gainera atera.
5. Eltze batean piperrak eta saltsa jarri eta 5 minutuz egosi.