LIHER taldea

Amaitu da, edo hastera doa…!

Grabaketaren azken fasea nahasketa da. Puntu honetara iristean beti azaltzen dira dudak: Dena al dago? Zer edo zer ahaztu al zaigu?

Garateko estudioan nahasketak egin eta diskoa borobildu ostean. (LIHER)
Garateko estudioan nahasketak egin eta diskoa borobildu ostean. (LIHER)

Badirudi 3 asteren ondoren dena grabatua dela, eta hala ez bada, ez dugu faltan botatzen! Iazko itxialdian sortuak izan ziren kantuak gorpuztuta ikustea zoragarria da. Esan daiteke COVID-19aren aitzakiaz sortu zirela kantu hauek, etxetik ezin atera egotearen ondorioz. Etxeko estudioan bozetoak sortu, estudioan maketa grabatu eta, orain, azken pausua falta zaigu 18 hilabeteren ondoren.

Disko honek, azken urtean bizi izan duguna kontatuko du; ez kronika moduan, baina esan daiteke talde bezala sentitu ditugun sentsazioekin idatzia izan dela. Aurreko diskoa, ‘Hemen herensugeak daude’ (2020), urte eta erdi pasa genuen lantzen, honen antzera. Ilusio guztia jarri genuen 14 kantuz osatutako ‘roadtrip’ tankerako istorio horretan. Europako bira bat ere hasi genuen; eta Berlinetik bi ordutara ginela hasi zen erortzen naipe gaztelua, handik etxera buelta… Eta guzti honen atzetik etorri dena. Malda gora bat izan da zentzu guztietan.

Baina aurrera begiratu behar da, beti egin dugun bezala, eta orain disko berriak izango dituen 11 kantuen ertzak findu. Nekea nabaria da, eta disko bakoitzean errepikatzen den ideia hasi da buruan bueltaka: ez dakigu zer dagoen ondo eta zer gaizki, perspektiba galtzen baitugu hainbeste egunen ondoren. Kaki, zutaz fio gara, atera gaitzazu ataka honetatik!

Etxarrik dio disko honek egur soinua duela, eta egia esan abestiek ez dute gaur egungo soinua inolaz ere. Dinamika aldetik ere nahiko solte daude abestiak, konpresio gutxi dute, aspaldiko diskoek duten soinuaren antzera. Eta oso pozik gaude, horregatik etorri baikara Garatera, soinu horren bila. Hemen grabatutako zenbat disko aditu ote ditugu? Orain, gure hurrengo diskoa baserri honen historiaren parte izango da.

Eta, ia konturatu gabe, lau dira Liherrek sei urtetan egindako lan luzeak. Disko berri honek ekarriko diguna ez dakigu zer den, baina espero dugu HHD bira atzean utzi eta garai hobeak etorriko direla. Eskerrik asko Kaki Arkarazo, Mikel Abrego eta Martxel Arkarazori bihotz-bihotzez zarata guzti hau disko bilakatzeagatik. Mila esker eguneroko hau irakurri duzuen guztioi, baita NAIZi ere jarraipena egiteagatik. Disko hau zuokin konpartitzeko gogoz gaude. Goazen ekipo!