NAIZ

Hobekuntza genetikoarekin Pirinioetako ardi esnearen ekoizpena babestuko dute

Neiker zentro teknologikoa buru duen Ardi proiektuak Latxa, Manex eta Euskal-Biarnesa Pirinioetako ardi arrazen esnearen ekoizpena kontserbatu eta babestuko du arraza horien lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin.

Pirnioetako ardien esnearen lehiakortasuna hobetzeko proiektua gidatzen ari da Neiker. (NEIKER)
Pirnioetako ardien esnearen lehiakortasuna hobetzeko proiektua gidatzen ari da Neiker. (NEIKER)

Neiker, Lakuako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko erakunde publikoa, Ardi proiektua koordinatzen ari da. Mugaz gaindiko ekimen horrek kudeaketa bateratuaren aldeko apustua egiten du, hobekuntza genetikoaren bidez Euskal Herriko esnetarako ardi-arraza autoktonoen kontserbazioa eta lehiakortasuna hobetzea bermatzeko. Kokalekua eta ustiategia sendotu nahi ditu, Latxa, Manex eta Euskal-Biarnesa ardi-esnearen ekoizpena babesteko.

«Ahal den neurrian, esne eskaririk handiena bertako esnearekin asetzen saiatu behar dugu. Horregatik, urte askotan hautapen eskemen inguruan lan egin dugu esne gehien ematen duten bururik emankorrenak identifikatzeko, arraza horien ekoizpen estentsiboaren eskemaren barruan», azaldu du Eva Ugartek, Ardi proiektuaren arduradun eta Neiker-eko ikertzaileak.

Ekimenaren baitan, aurrera egin da Pirinioen bi aldeetako ardien arrazaren estandarra eta errape kalifikazioa bateratzeko eta harmonizatzeko bidean. Hau da, lortu da identifikatzea zein parametro aukeratu eta nola kalifikatu, irizpide bateratu bat ezarriz, hau da, ardi batek 7ko nota lortzen badu parametro batean, adibidez, 7 horrek gauza bera esan nahi du Pirinioetako bi aldeetan.

«Ondo txertatuak, abdomenetik ez eroriak, esne kantitate ona ekoizteko gaitasuna dutenak. Halaber, baloratzen dira gaixotasun gutxi edukitzea, jezteko makinetara ondo egokitzea eta arkumeei titia emateko egokia izatea», zehaztu du Ardi proiektuaren arduradunak.

Etorkizunari begira

Aldi berean, etorkizunera begira, proiektuko bazkideen ikerketak ezaugarri ez-produktiboen oinarri genetikoak identifikatzera bideratuta daude, hala nola sendotasuna, landatartasuna edo klima aldaketari aurre egiteko gaitasuna abeltzaintza sektorean.

Ugartek argitu duenez, «animalia horiek belardietan eta mendietan egoten dira. Hautapena soilik esne ekoizpenean oinarrituta egiten bada, beste ezaugarri garrantzitsu batzuk alde batera utz ditzakegu, hala nola giro baldintza txarretara egokitzea, mendian larratzeko gaitasuna arnas lesiorik edo arnasketa arazorik sufritu gabe edo beste batzuk. Funtsean, animaliak sendoak izaten jarraitzea eta klima aldaketara ondo egokitzea behar dugu».