NAIZ

Elikagaien xahutzea murrizten duen hozkailu bat jarri dute martxan Azpeitiko Iraurgi Ikastolan

Froga pilotu baten arabera, jantokian zerbitzatutako 100 menuko 5kg hondakin organiko murriztu eta 10 tuper baino gehiago berreskuratzen dira hozkailu honen bidez.

Rexcatering enpresak sortutako hozkailuetako bat. (via facebook Rexcatering, recuperación de excedentes alimentarios)
Rexcatering enpresak sortutako hozkailuetako bat. (via facebook Rexcatering, recuperación de excedentes alimentarios)

Rexcatering enpresak abian jarritako ‘Iraungi Zero Zabor Hozkailua’ proiektuaren baitan sartzen da Azpeitiko Iraurgi ikastolako jantokian astearte honetan martxan jarri duten hozkailu berria. Hernanin egindako froga pilotu batek baieztatu duenez, hozkailu berri honek kontsumitzen diren 100 menuko 5kg elikagai zaborrontzira botatzea ekiditen du. Hortaz, egunean 10 janari tuper baino gehiago berreskuratzea lortzen du.

Horretarako, soberan gelditzen diren elikagaiak kaleko vending makinen bitartez behartsuenei doan opatzea proposatzen du Rexcatering enpresak. Prozesua jantoki handietan edo, kasu honetan Iraurgi ikastolan bezala, ikastetxeetan hasiko litzateke.

Elikagaiak alferrik galtzea saihestu nahi duen proiektu honen lehen faseak sukaldetik atera ez den eta tenperatura seguruan gorde den (+ 65 ºC linea beroarentzat edo -4 ºC linea hotzarentzat) janaria ontziratzean datza.

Segidan, ontziak termozigilatu egiten dira, eta era horretan, ontziak guztiz itxita gelditzen dira era aproposean kontserbatzeko. Gero, ontzien kontserbazio bermeak egiaztatzen dira eta, ondoren, ikasleek elikagai tuperrak etiketatzen dituzte. Etiketetan elikagai mota, kontsumo data, trazagarritasuna, erabiltzeko jarraibideak eta informazioa eskuratzeko QR kode jartzen dute.

Ondoren, ikasleek ontziak hozte azkarreko gailuan sartzen laguntzen dute. Hozte azkarreko hozkailu honetan elikagaiak hasierako 65 ºCtik 4 ºCra pasatzen dira 90 minututan, eta horrek jakien prozesamendu egokia bermatzen du. Ordu eta erdi hori pasa ostean, janari edukiontziak hozkailu eramangarri batera sartzen dituzte eta ikasleak arduratzen dira kaleko hozkailuetan jartzeaz.

Kaleko hozkailu hauek doakoak dira eta Rexcatering enpresak sortutako software baten bitartez berreskuratutako elikagaien inguruko informazioa jasotzen dute. Hala nola, jasotako ordua, kopurua eta elikagai mota.

Ikastetxean bertan, jantokiko begiraleak dira prozesua ondo betetzen dela gainbegiratu eta ziurtatuko dutenak.

This website is under heavy load (queue full)

We're sorry, too many people are accessing this website at the same time. We're working on this problem. Please try again later.