NAIZ

‘Orbainetan lehena’ bideoa estreinatu du Liher taldeak

‘Orbainetan lehena’ bideoa estreinatu du Liher taldeak, ‘Eta hutsa zen helmuga’ disko berriaren bigarren singleari dagokiona. Durangoko Azokan egingo dute aurkezpena, Plateruenan abenduaren 8an eskainiko duten kontzertuan.

«Sua lur azpian». Horrela barneratu zuen pandemiak eragindako parentesi emozionala Liher taldeak eta orokorrean, haiek bezala, musikan aritzen diren pertsona gehienek.

«Nondik bideratu amorrua? Nondik hasi tunela zulatzen?». Galdera horien guztien atzean, ordea, erantzun bera zegoen beti, eta zezenari adarretatik heldu arte ez zuten konturatu nahi izan: «Gertaezin da dena ez bazara hasten».

Liherrek oihu eta gitarra amorratuekin aurkezten digu orain ‘Eta hutsa zen helmuga’ disko berriaren bigarren singlea, ‘Orbainetan lehena’ izenekoa.

Zubi honetan Durangoko Azokan aurkeztuko du talde Donostiarrak bere azken lan hau. Zehazki, abenduaren 8an izango da, Plateruenean. Hurrengo kontzertuen datak hauek ditu: Urtarrilaren 21ean Iruñean (Elkar Akustikoa, sarrera librea); urtarrilaren 27an, Bilboko Kafe Antzokian eta 29an Donostiako Intxaurrondoko Kultur Etxean.

2015. urtean hasi zuen ibilbidea Liher proiektuak. Bakarkako maketa bat atera zuen orain taldeko abeslari eta gitarra-jole den Lide Hernandok, ‘Arrazoi gutxi, denbora asko’ izenekoa.

Ostera, talde bilakatu zen proiektua, eta egun Iñigo Etxarri (gitarra, koroak), Joshka Natke (baxua, koroak) eta Ander Berzosa (bateria) ari dira Liher izenaren azpian.

2016an ‘Hauts’ izeneko lehen lan luzea argitaratu zuten, 2018an ‘Tenpluak Erre’, zeinarekin taldeak rockaren soinu gogorragoetarako bidea hartu baitzuen.

Bide honetatik jarraituz 2020an ‘Hemen Herensugeak Daude’ liburu-diskoa argitaratu zuten, eta 2021eko azaroan ‘Eta hutsa zen helmuga’ azken lana. Lau lan hauetan  rock musikaren adar ezberdinak nahasiz, estilo eta soinu gero eta pertsonalagoak garatzen joan da taldea, zuzeneko indartsuetan erakusten dutelarik euren alderik sendoena.