NAIZ

Ikerbasquek 20 ikertzaile gazte kontratatzeko 'Research Fellows' programarena egin du

Aukeratutako zientzialariek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko unibertsitate eta ikerketa zentroetan eta jakintza arlo guztietan egingo dute lan, bai zientzia esperimentaletan (Biologia, Kimika, Fisika), bai medikuntza, matematika, ingeniaritza, gizarte zientzia eta giza zientzietan ere.

Ikertzaile bat Ikerbasque zentroan lanean, artxiboko irudian.
Ikertzaile bat Ikerbasque zentroan lanean, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak 'Research Fellow' programaren 2022ko deialdia egin berri du. Programaren bidez, Lakuako Hezkuntza Sailak goi mailako ikertzaile gazteen «harrobia» sustatu nahi du, eta, aurreko deialdiak arrakastaz burutu eta gero (80 lagun kontratatu dira jada), Ikerbasquek deialdi berria egin du beste 20 ikertzaile gazte kontratatzeko.

Arduradunek adierazi dutenez, 'Research Fellow' programak funtzio bikoitza du: alde batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea (euren ibilbideko une batean joan ziren bertokoak barne) eta, bestetik, EAEn ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea.

Halaber, deialdiaren bidez, bereziki emakume ikertzaileen kontratazioa eta EAEtik kanpo lanean dauden euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatu nahi da. Oraingoz Ikerbasquek 17 herri ezberdinetako 80 ikertzaile kontratatu ditu, 45 gizon eta 35 emakume, hain zuzen ere.

Ezagutza arlo guztietako eta hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek aurkez ditzakete beren eskaerak Ikerbasque Fundazioaren webgunearen bidez martxoaren 15a arte. Aurkezten diren ikertzaile guztien nazioarteko ebaluazio prozesu sakona egingo da, Europako Batzordearen irizpideen araberakoa.

Ikerbasquek bost urterako lanpostuak eskaintzen ditu. Azken urtean ikertzaileak ebaluatuak izango dira eta toki iraunkorrak lortzeko aukera izango dute. Aukeratutako zientzialariek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko unibertsitate eta ikerketa zentroetan eta jakintza arlo guztietan egingo dute lan, bai zientzia esperimentaletan (Biologia, Kimika, Fisika), bai medikuntza, matematika, ingeniaritza, gizarte zientzia eta giza zientzietan ere.

Ikerbasquek lau milioi euro lortu zituen Europako Batzordetik 2021ean programa honetarako, garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakotzat aukeratua izan ondoren. Hartara, Ikerbasqueren proposamenak nazioarteko adituek emandako puntuazio gorena lortu zuen: 100 puntutik 99,4.

Ikerbasquek hurrengo lau urtetan 100 ikertzaile kontratatzeko asmoa dauka, horietatik 36 Europako Batzordeak finantzatuta.