NAIZ

Araba Encounter online ospatuko da asteburuan, 340 plaza birtualekin

Araba Encounterren bederatzigarren edizioa ospatuko da asteburu honetan, online formatuan. Guztira 340 plaza birtual eta 30 jarduera baino gehiago eskainiko ditu informatikaren topaguneak.

Araba Encounterren iazko edizioa.
Araba Encounterren iazko edizioa. (ARABA ENCOUNTER)

Araba Encounter 09 ospatuko da ostiraletik igandera bitartean, maiatzaren 13tik 15era, online formatuan. Iaz bezala, 340 plaza birtual eskainiko ditu, eta, guztira, 30 jarduera baino gehiago barnebiltzen ditu programazioak: arte digitalari, software libreari, hardwareari eta jokoei buruzko hitzaldiak eta lehiaketak, besteak beste.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, topaketak prestakuntza teknologikoari ematen dion garrantziarengatik, parte-hartzaileek zein interesa duten pertsona guztiek jarraitu ahal izango dituztela antolatutako hitzaldi eta tailerrak, Youtube eta Twitch bidez zabalduko baitira.

Pandemia zela eta, duela hilabete batzuk, Araba Encounterren formatua zehaztu zenean, sarean egitearen aldeko hautua egin zen. Hala, parte-hartzaileak nor bere etxetik konektatuko dira, eta kontrol unitatea Arabako Teknologia Parkean kokatuko da.

Ekitaldiak 340 toki eskaini ditu, zaleak Arabako teknologiaren hitzordura batu daitezen. Encounter topaguneen azken sareko ekitaldietan bezala, partaideak etxetik sartu ahal izango dira topaketaren hainbat eremutara, Discord plataformaren bidez, eta areto birtualak aurkituko dituzte bertan.

Era berean, streaming formatua izango da ekimeneko ardatz, hau da, Encounter TV saioak, Twitchen kanalaren bidez, emango du asteburu digitaleko jardueren berri: prestakuntza jarduerei buruzko informazioa, elkarrizketak, erreportajeak eta musika emanaldiak argitaratuko ditu, kasu.

Euskaltel Fundazioa izan da topaketa informatikoaren antolatzaile nagusia, Euskaltelen, Arabako Aldundiaren eta, SPRIren bitartez, eta Lakuako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren laguntzarekin.