J.S.

Artisau hanburgesa onenaren bila

Azpeitiko plazak Gipuzkoako lehen hanburgesa lehiaketa hartuko du maiatzaren 28an, garagardo artisau dastaketa batekin batera

Epaituko dena harakinen lana izango da, hanburgesa haragi onena aukeratuko baita.
Epaituko dena harakinen lana izango da, hanburgesa haragi onena aukeratuko baita. (Getty IMAGES)

Hanburgesa zaporetsu edo ikusgarrienak aukeratzeko txapelketa gastronomiko asko dago munduan, baita Euskal Herrian ere. Ez hainbeste, ordea, hanburgesa haragia bera epaitzen duten txapelketak, eta horietako bat izango da datorren maiatzaren 28an Azpeitian jokatuko dena: Gipuzkoako harakinei zuzendutako lehen artisau hanburgesa lehiaketa.

Ideiaren atzean Dendartean (Gipuzkoako Merkatarien Elkartea), Ederto-Harakel (Gipuzkoako Harakinen Elkartea) eta Azpeitiko Udala daude, eta helburu nagusia herri txikietako dendak eta artisau ekoizleak bultzatzea da, herritarrei gertuko zerbitzua ematen jarrai dezaten.

Horretarako, maiatzeko azken larunbatean, arratsaldeko seietan hasita, «Hanburgesa eta garagardo artisau dastaketa» antolatu dute eta, izenak adierazten duen bezala, eskualdeko garagardo artisau ekoizleen produktuak dastatu ahal izango dira, baita hanburgesa mokaduak ere. Izan ere, ekitaldi honen baitan I. Gipuzkoako Artisau Hanburgesa Lehiaketa egingo da, Gipuzkoako harategi guztiei zuzenduta, hanburgesa-haragi onenaren bila.

Parte hartu nahi duten harategiek maiatzaren 22a (igandea) baino lehen eman beharko dute izena, ederto@ederto.com helbidera e-maila bidaliz, 943 865 352 telefonora deituz edo 671 643 488 zenbakira whatsapp bat bidaliz.

Antolatzaileek adierazi dutenez, momentuz hogei bat harategik eman dute izena eta guztira berrogei bat parte-hartzaile espero dituzte. Behin izena emanda, maiatzaren 27an (ostirala) harategitik jasoko zaizkie lehiaketara aurkeztuko dituzten hanburgesak. Guztira hamabi haragi-hanburgesa aurkeztu beharko dituzte; horietatik bi epaimahaiak dastatu eta epaituko ditu, eta beste hamarrak mokadu moduan salduko dira. Salmentatik ateratako dirua gerrak kalteturiko pertsonei laguntzeko erabiliko da.

Lehiaketara aurkezturiko hanburgesek txerri, behi edo hegazti haragi-xehatuarekin egindakoak izan beharko dute, eta gatza, espeziak, ongailuak edo bestelako elikagaiak gehitu ahal izango zaizkio. Hori bai, ezingo da ogi birrindua erabili. Bestetik, 100 eta 150 gramo arteko tamaina izan beharko dute, eta bertako haragia eta osagaiak erabili izana baloratuko da.

Harategi irabazleak txapela eta trofeoa lortuko ditu; eta bigarren zein hirugarren geratzen direnek, trofeoa. Dena den, sari sinbolikoez aparte, Gipuzkoako hanburgesa-haragi onena egitearen ohorea da jokoan dagoena.