Joseba Salbador Goikoetxea

Kofradia Itsas Etxea, arrantzaleen produktuen erakusleiho berria

Bertako ekoizleek gero eta estimazio handiagoa duten honetan, itsas produktuak askotan ahaztuta geratzen dira, agian itsasoa urrun geratzen zaigulako. Egoera horri aurre egiteko eta euskal arrantzaleen produktuak balioan jartzeko sortu da, Donostiako portuan, Kofradia Itsas Etxea.

Miren Garmendiak zuzentzen du Donostiako portuan dagoen Kofradia Itsas Etxeko lantaldea.
Miren Garmendiak zuzentzen du Donostiako portuan dagoen Kofradia Itsas Etxeko lantaldea. ( Iñigo URIZ | FOKU)

Donostiako portuaren sarreran dagoen eraikuntza zaharberrituaren erdialdean aurkituko dugu Kofradia Itsas Etxea. 1943an arrantzaleen lonja izateko egin zen eraikuntza modernistak azken urteetan gero eta jarduera eskasagoa zuen, arrantzarako ontziak gutxitzen zihoazen neurrian, eta 2019an Eusko Jaurlaritzak guztiz berritu zuen, jatorrizko egitura mantenduz.

Urtebete beranduago, 2020ko uztailean, Kofradia Itsas Etxea inauguratu zen bertan, Gipuzkoako Baxurako Arrantza Ekoizleen Elkarteak (OPEGI) kontzesio erregimenean hartu eta gero. Miren Garmendia da elkarte horretako zuzendaria eta, bere hitzetan, oso garrantzitsua zen eraikinak baxurako arrantzarekin lotuta jarraitzea.

«Gure sektorearen etorkizunari eta erreleboaren arazoari aurre egiteko ikusgarritasuna behar-beharrezkoa zela ikusi genuen, gizarteak ez zuelako sektorea ezagutzen. Hau da, zer-nolako ontziak ditugun, nola egiten duten lan arrantzaleek, zer teknika jasangarri erabiltzen dituzten… Gazteek, ez badute arrantza sektorea ezagutzen, ez dute aukera bezala ikusiko beren garapen profesionalerako», dio Miren Garmendiak.

Horregatik, urte askotako lanketaren ondoren, eraikin berritua euskal arrantzaleen produktuen erakusleiho bihurtzeko apustua egin zuten. «Kofradia Itsas Etxea arrantzaleen etxea da eta gure ateak ireki nahi ditugu gizarteak ezagutu dezan gure bizimodua, gazteek ere ikus dezaten etorkizun bat ere badagoela gure sektorean».

Miren Garmendiak azaldu duenez, Kofradia Itsas Etxeak hainbat esparrutan lan egiten du, alde batetik arrantza sektorea bera ezagutzera emateko, eta bestetik arrantzaleen produktuak. Baxurako arrantzaleen errealitatea ezagutzera emateko hainbat ekitaldi edo «esperientzia» antolatzen dituzte. Garrantzitsuenetako bat umeei zuzendutako “Izan arrantzale” programa da. «Gure ustez funtsezkoa da arrantza mundua txikitatik ezagutzea, gero aukera bezala ikusi ahal izateko».

Horrekin batera, kaiaren historia ere ematen dute ezagutzera, Itsas Museoarekin eta Aquariumarekin elkarlanean, eta arrantzaleen gaur egungo egoera ere azaltzen dute portuak dituen hiru arrantza ontzietara bisitak eginez, baita saregileekin tailerrak antolatzen ere.

Jatetxea, taberna eta denda

Beste alde batetik, itsasoko produktuak balioan jartzeko, jatetxe bezala ere lan egiten du Kofradia Itsas Etxeak. Bertan, asteazkenetik igandera, baxurako arrainetan oinarritutako karta eskaintzen dute –horietako asko parrillan eginak–, eta pintxoak dastatzeko aukera ere badago tabernako barran. Hori bai, bisitariak ez du aurkituko haragiz egindako pintxorik.

Jatetxearen egoitza aprobetxatuz, ekitaldi desberdinak antolatzen dituzte Kofradian, hala nola maridajeak bertako edariekin (txakolina, sagardoa edo garagardoa), hegaluzea poteratzeko tailerrak, eta abar.

Baxurako arrantzako produktuetan oinarritzeaz gain, Kofradia Itsas Etxean garrantzi handia ematen diote denboraldiaren araberako eskaintzari. «Gure asmoa da urtean zehar garaian garaiko produktua balioan jartzea, jendeak jakin dezan urte garai bakoitzean zer arrain mota jan daitekeen. Orain adibidez, antxoa eta berdelaren garaian gaude eta arrain horiek prestatzen ditugu. Aurrerago, hegaluzearen denboraldia hasten denean, espezie horrekin hasiko gara lanean. Eta urte guztian zehar, izoztutako edo ketutako arrainak ere prestatzen ditugu», azaldu du Miren Garmendiak.

Etxeko zopa edo hanburgesak

Jatetxearen ondoan, denda txiki bat ere zabaldu dute, beren sukaldean prestaturiko jakiak ezagutzera emateko. Zentzu horretan, Kofradia markarekin prestaturiko janariak saltzen hasi dira, hala nola itsas aingirarekin egindako zopa edo hegaluze hanburgesak. Denda horretan, azkenik, eta sektorearen kate osoa ezagutzera emateko, arrantza industriak prestaturiko produktuei ere tartea eskaintzen diete, «ekoizleek eta kontserberek izan dezaten beren produktuak saltzeko aukera».

Ekintza hauek guztiak elkarlanean oinarrituta daudela nabarmendu du Miren Garmendiak. «Gure asmo nagusia kolaborazioarena da, bertan dauden erakunde desberdinekin batera lan egitea. Hemen ez goaz inori lekua kentzera. Alderantziz, goazen indarrak batzera arrantza sektoreari bultzada emateko, modu horretan emaitzak askoz hobeak izango direlako».

Helburu horrekin, Gipuzkoa eta Bizkaiko beste baxura arrantzako portuekin elkarlana bultzatu nahi dute, urtean zehar antolatzen diren antxoa, berdel edo hegaluzeari eskainitako jaietan parte hartuz. «Oraindik hasi berriak gara, eta pixkanaka joango gara gure jarduerak zabaltzen».

 

«REPSOL EGUZKIAK JASANGARRITASUNAREN ALDE EGITEN DUGUN LANA SARITU DU»

Zabaldu zenetik bi urte pasatu ez badira ere, Kofradia Itsas Etxeak Repsol Gida famatuaren eguzki bat irabazi du dagoeneko, kasu honetan jasangarritasunari eskainitako eguzkia.

Sari hori 2021ean estreinatu zuen Eneko Atxaren Azurmendi jatetxeak, eta baloratzen dituen alderdien artean daude, besteak beste, jatorri eta autoprodukzio bermea duten produktuen prestakuntza edo aprobetxamendua eta erabilera.

Miren Garmendiak dioenez, «ez genuen espero saria jasotzea, batez ere ez ginelako bila joan, ez ginelako aurkeztu. Gure ateak irekita daude etorri nahi duenarentzat eta, ikusten denez, izendatu egin gintuzten».

Esker onez hartu du saria, «horrelako errekonozimendu batek ikusgarritasun handia ematen duelako», baina argi utzi nahi du gastronomia, Kofradia Itsas Etxearen kasuan, lanabes bat besterik ez dela «gure produktuak balioan jartzeko, hain zuzen ere, MSC jasangarritasun zigilua duten produktuak».

Izan ere, euskal baxurako arrantzaleek harrapatutako antxoak eta hegaluzeak dituzten zigiluek ziurtatzen dute «modu jasangarrian arrantzatutako espezieak direla, hau da, arrantza jarduera horrekin ez dela arriskuan jarri ez espeziea, ez ingurumena, lan egiteko modu batzuk errespetatzen direlako. Eta hori kontsumitzaileak jakitea oso garrantzitsua da, erosteko momentuan erabakia hartu dezan», nabarmendu du Garmendiak.