NAIZ
Barakaldo

Olatz Salvador, Ramon Lazkano eta Maite Larburu, Musika Bulegoa saridunen artean

Musika Bulegoa Sariek hamar euskal artista eta talderen lana aitortu dute bere seigarren edizioan. Olatz Salvador, Chill Mafia, Gaur, Ether Ensemble, Maite Larburu, Ramon Lazkano, Verde Prato, Amak, Trio Zukan eta Motxila 21 taldeak izan dira sarituak.

Musika Bulegoa saridunak, familia argazkian.
Musika Bulegoa saridunak, familia argazkian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Musika Bulegoa Sariek bere seigarren edizioa ospatu dute asteartea honetan Barakaldoko BECen egindako ekitaldian. Azken bi urteetako garai ilunak alboratuta, euskal musikako sariok bere formatua berreskuratu dute eta ekitaldiak normaltasuna berreskuratu du.

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak bertako artista, talde edo musika proiektuek iaz egindako lanak saritu ditu aurten ere. Ehun proposamen aurkeztu dira orotara, horietatik erdia baino gehiago emakumeak buru izan direlarik.

Sektoreko zortzi profesionalek osatutako epaimahaiak zortzi talde edo artista saritu ditu: Amak, Chill Mafia, Ether Ensemble, Ramon Lazkano, Gaur, Maite Larburu, Olatz Salvador eta Verde Prato. Bestalde, Trio Zukan-ek eskuratu du Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egindako lanagatik. Saritutako bederatzi proiektu horiek 2.000na euro eta Fernando Mikelarena artistak deiseinatutako eskultura jaso dituzte.

Azkenik, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko zuzendaritza batzordeak sari berezia eman dio Motxila 21 taldeari, «bultzatzen duen elkartasuna eta musikaren arteko elkarlana eredugarria delako».

Antolatzaileek adierazi dutenez, «balio bera duten hamar sari horien artean ez dago inolako kategorizaziorik. Hau da, irabazleek egin duten lana goraipatu nahi izan da gaur eman den aitortza hauekin».

Urte oparoa

Sektorearentzat bereziki zaila izan den 2021. urtea Euskal Herriko musikarentzat oparoa izan dela iritzi dio Musika Bulegoak. Izan ere, musikariz, kazetariz, musika-programatzailez eta hezkuntzaren eta kulturaren mundutik datozen pertsonek osatutako epaimahaiak «ez du batere erraza izan aurten» sarituen zerrenda zehazterako orduan. «Iritsitako proposamenak kalitate handikoak izan dira eta aukeraketa egiteko lana izan dute».

Deialdira estilo askotako musika lanak aurkeztu direla zehaztu dute antolatzaileek: pop-rock-urban, musika klasiko garaikdiea, folk, jazz edo musika elektronikoa, besteak beste. Euskara izan da proposamen gehienen hizkuntza nagusia (%59), lan instrumentalek pisua irabazi duten arren (%22). Gainerako lanak gaztelaniazkoak izan dira (%11) eta hamar proiektutik ia bat beste hizkuntza batzuetan egin da.

Aurreko edizioetan bezala, aurtengoan ere zuzeneko emanaldiak izan dira sari banaketan. Hala, Chill Mafia, Gaur, Ether Ensemble, Maite Larburu, Verde Prato eta Amak zuzenean ikusteko aukera izan da.