Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Amaia Lunate
Zoru pelbikoan espezializatutako fisioterapeuta

«Egokiena da emakume guztiek, bizitzan behin gutxienez, zoru pelbikoaren azterketa bat egitea»

Bilboko Kinett Advanced Clinic zentroan aritzen da. Unibertsitateko irakaslea ere bada. Zoru pelbikoan espezializatuta dago, gure gorputzean oso garrantzitsua den eta apenas ezagutzen eta zaintzen den muskulu eta lotailu talde horretan.

Amaia Lunate fisioterapeuta.
Amaia Lunate fisioterapeuta. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Emakumeen erdiek inguru zoru pelbikoarekin zerikusia duen arazoren bat daukate. Gai tabua da, apenas hitz egiten da horri buruz eta arazoak “normaltzat” hartzeko joera dago. Aldiz, kasu askotan, giharrak indartuz eta ariketak eginez, emaitza onak lortzen dira.

Zer da zoru pelbikoa?

Pelbisaren behealdean dagoen muskulu eta lotailu-egituren multzo bat da. Bere funtzio nagusia pelbiseko erraiei eustea da. Horrez gain, funtzio sexualean eta gorozkien eta gernuaren kontrolean ere parte hartzen du.

Zoru pelbikoaz hitz egiten denean askotan arazo bat tarteko izaten da, ezta? Prebentzioaz edo indartzeaz apenas hitz egiten den...

Egokiena litzateke emakume guztiek, bizitzan behin gutxienez, zoru pelbikoaren azterketa bat egitea espezializatutako fisioarekin. Horretarako ez da beharrezkoa erditzerik izatea. Finean, gure gorputzeko muskulu talde bat da eta komenigarria litzateke azterketa bat egitea, arazoak prebenitzeko. Eta tratamenduren bat behar izanez gero, jarri.

Gai nahiko tabua da, baina garrantzi handia du pertsonen ongizatean.

Bai, sekulakoa. Beti lotzen dugu zoru pelbikoa gernu inkontinentziarekin, baina askoz arazo gehiago daude, adibidez mina sexu harremanetan. Kontsultan gero eta gehiago ikusten ari gara arazo hori. Emakume gazteek, ama izan gabe, horrelako arazoak izaten dituzte.

Eta zein izan daiteke arrazoia?

Ia beti giharretako arazoak izaten dira. Baliteke muskulu hipertonia bat egotea, hau da, muskulaturan ohi baino tonu handiagoa izatea. Hormona arazoekin lotutako lubrifikazio arazoak ere izan daitezke.

Ezjakintasunak beharrezkoa ez den sufrimendua dakar kasu askotan.

Gertatu izan zait aspaldi erditu diren emakumeak tratatzea. Agian bost urte daramatzate sexu harremanik gabe edo inkontinentzia arazoekin. Jakin behar dugu hori ez dela normala. Gernu ihesa dagoenean ere, ez da normala. Gauza horiek begiratu egin behar dira.

Askotan gai horiekin lotsatu egiten gara. Sexu harremanak gozatzeko dira, lubrifikazio ona egon behar da eta muskulaturak ondo egon behar du. Bi gauza horiek ondo badaude, ez duzu inolako minik izan behar. Eta baldin badaukazu, kontsultatu. Askotan giharrak lantzen dira eta oso emaitza onak lortzen dira epe laburrean.

Zein dira zoru pelbikoaren arazoetan izaten diren sintoma ohikoenak?

Arazorik ohikoena gernu inkontinentzia da. Baina inkontinentzia fekala ere izan daiteke edo gasena, gai oso tabua ere badena. Baginako prolapso bat egon daiteke, eta horrek esan nahi du pelbiseko organo bat jaitsi egiten dela; umetokia, maskuria, ondestea... Nerbio pudendoko arazoak ere izan daitezke, zoru pelbikoan min handia eragiten duena. Eta baita arazoak sexu harremanetan ere, lehen aipatu dugun bezala.

Garrantzitsua litzateke zoru pelbikoari arreta gehiago jartzea, ezta?

Bai, arreta jartzea eta indartzea. Berariazko programak daude zoru pelbikoaren muskulaturaren arazoetarako. Urteekin osagileok konturatu gara garrantzitsua dela lan orokor bat sustatzea, gorputz osokoa. Horrekin zoru pelbikoaren muskulatura modu erreflexuan lantzeko modua izaten da.

Kultura aldaketa bat behar da gorputzaren parte horrekiko. Zorionez, orain modan dago jarduera fisikoaren gaia, entrenamendua, kirola... core-a eta zoru pelbikoaren zatia lantzeko ariketa espezifiko asko daude. Zorionez, jendea gehiago prestatzen ari da, baina oraindik talde muskular ezezaguna da askorentzat.

Badira erraz egiteko ariketak. Errutina horiek hartzea osasuntsua da, ezta?

Bai, badira edozein unetan egin daitezkeen ariketak; Kegelen ariketak, adibidez. Emakume askok ez dakite gihar horiek non dauden ere.

Ariketa horiek oso ondo doaz tonua hobetzeko. Oso errazak dira. Zoru pelbikoko giharrak estutu eta erlaxatzean datza ariketa. Bi uzkurdura mota daude, bi muskulu-zuntz mota daudelako, azkarrak eta geldoak.

Geldoak lantzeko, bost segundoko uzkurdura aktiboa egin dezakezu zoru pelbikoan, eta bost segundoko atsedena hartu. Uzkurtzearen denbora bera da atseden hartzen duzuna. Eta zuntz azkarrak lantzeko, uzkurtze denbora baino bi edo hiru aldiz gehiago atseden hartu behar duzu. Hau da, 10 kontrakzio azkar egiten badituzu, 20-30 segundoko erlaxazioa utzi behar duzu, azkarrago nekatzen baitira.

Garrantzitsua da gure gorputzaren atal guztiak ezagutzea, ezta?

Zalantzarik gabe. Gure gorputza osotasunean ezagutzeak ongizatea lortzen laguntzen digu. Asko animatzen ditut emakumeak ispilu batekin beren gorputza begiratzera. Askotan emakumeak erditu ondoren zoru pelbikoa hor geratzen da, betirako ahaztuta. Muskulu talde hori ezagutu, landu eta ahalik eta hobekien egon dadin saiatu behar dugu.

Zoru pelbikoa ondo egoteak mesede handia egiten du.

Ondo dagoenean, indartuta eta inolako minik eta inkontinentziarik gabe, abantaila handia da. Muskulu mailan, gorputzaren jarrera asko hobetzen da eta, zeharka, lerro abdominaleko muskulu taldeekin lotuta dago, batez ere atzealdekoekin; horrek eragiten du abdomen kontrol handiagoa izatea eta gorputz jarrera osasuntsuagoa izatea. Orokorrean zoru pelbikoak lan asko egiten du, asko jokatzen du presio abdominalarekin. Abdomen barneko presio ona izan behar dugu, pelbisean erraiak ondo eutsita egon daitezen. Presio abdominal ona ez badago, presioa, sakrorantz joan beharrean, zoru pelbikorantz joaten da, eztula egiterakoan adibidez. Horregatik, garrantzitsua da lerro abdominala lantzea.

Baina batez ere garrantzitsua da gai horri buruz hitz egitea. Tabu izateari utzi behar dio. Emakumeen erdiek baino gehiagok arazoren bat dute. Batez ere, pixak ihes egitea normala dela pentsatzeari utzi behar diogu. Ez da normala, ezta tanta txiki bat ere.