Oihane Larretxea
Donostia

Euskal musikaren historiara hurbildu eta liburu batean jaso du Renoko Unibertsitateak

Nevadako Unibertsitatean dagoen Renoko Euskal Ikerguneak ‘The History of Basque Music’ liburua argitaratu du, bigarrenez, Musikene bidelagun. Ikuspegi kronologiko batetik, lanak historia aurretik XXI. mendera arteko musika biltzen du. Ingelesez argitaratua, aurki gazteleraz eta euskeraz aterako da.

Miren Iñarga, Xabier Irujo eta Bingen Zupiria, ostiral honetan San Telmo Museoan.
Miren Iñarga, Xabier Irujo eta Bingen Zupiria, ostiral honetan San Telmo Museoan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ameriketako Estatu Batuetan, Ozeanoaren beste aldetik, Euskal Herriko musikari begira jarri dira. Hura arakatu, ikertu, azaldu nahian. Luzea da Renoko Euskal Ikerguneak (Center of Basque Studies), Nevadako Unibertsitatearen baitan, gure hondareaz eta kulturaz egin duen ikerketarako ibilbidea. Hor kokatzen da CBS Press argitaletxea, ezagutza hori guztia liburuetan bildu eta argitaratzeko.

Aipatu argitaletxeak hogei urte bete dituen honetan, 200 izenburu baino gehiago kaleratu ditu alor ezberdinetakoak; azkena, ostiral honetan Donostiako San Telmo Museoan aurkeztua izan dena: ‘The History of Basque Music’. Zehatzak izatearren, izenburuaren bigarren edizioa da, aurrenekoak 2019an ikusi baitzuen argia. Orain, kasu hartan bezalaxe, Musikene izan da proiektuaren bidelagun.

Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusiak, Xabier Irujo Renoko Euskal Ikerguneko zuzendaria eta Bingen Zupiria Lakuako Kultura sailburua.

Aditzera eman dutenez, «ezinezkoa da» euskal musika delakoaren sintesia egitea, ezinezkoa da laburtzea ezta ere ezaugarri bakan batzuekin deskribatzea. Itsasoa bezain zabala da, eta asko dira bere gainean jarri daitezkeen begiradak. Eta ziur, horietako bakoitzean, zerbait berria legokeela kontatzeko, deskubritzeko.

«Gauza asko kanpoan gelditu» direla asumituta, ez dagoelako «erantzun gutziak diruen liburua», lana lehio baten moduan planteatu liteke. Alegia, informaziotik tiraka sakondu daitekeena asko da. «Liburuan inoiz lehenago ikertu ez diren konposatzaile edo musikarien izenak agertzen dira, eta horrek eman lezake pista ibide horietatik segitu ahal izateko», iradoki du Iñargak.

«Liburu hau euskal musikari gerturatze bat da», esan du Iñargak. Liburua akademikoa da, jakintza modu puruan jasoa. Informazioa modu kronologikoan jaso da, historia aurretik XXI. menderaino, irakurketa errazteko asmoz. Zupiriaren iritziz, liburu honen atzean dagoena da «musika sistema oso bat».

Josu Okiñena Musikeneko irakasleak egin ditu editore lanak, eta atala bakoitza idazteko gai bakoitzean aditua dena hautatu du. Elixabete Etxebeste, Sergio Barcellona, Jon Bagües, Isabel Diaz Morlan, Okiñena bera, Itziar Larrinaga eta Mikel Chamizo, besteak beste.

Ikuspegi panoramikoa

Kapitulu kronologikoez aparte, badira erantsi diren beste bi atal, tematikagatik ikertu eta erantsi direnak: emakumeak euskal musikan eta euskal musika tradizionala.

«Lanak konposizioaren joera berrienak ere biltzen ditu, emakumeei eta euskal musikari buruzko kapituluak eta jazzaren eta herri musikaren historia laburra gehituz», esan dute.

Diasporak ere euskal musikaz asko duela esateko berretsi du Irujok, baina beste hainbeste dagoela oraindik deskubritzeko. Adibidez, Mexiko oso emankorra ei da zentzu horretan, zehaztu du.

Azken urteotan euskal musikari eta euskal musikariei buruzko ikerketak egin diren arren, eta opera edo monodia liturgikoa bezalako generoen ikuspegi orokorrak argitaratu izan badira ere, liburu honek aurrekari bat suposatzen du: euskal musikaren historia akademikoki eta akademiatik idatzi delako, «ikuspegi panoramiko batetik».

Ingelesez argitaratu bada ere, baieztatu dutenez lana dagoeneko gaztelerara eta euskarara itzulia izan da, aurki argitaratzeko asmoarekin.