NAIZ

Txioak plazaratu ondotik 30 minutuz editatzeko funtzio bat probatzen ari da Twitter

Txio bat argitaratu ondotik 30 minutuz editatzeko aukera emanen duen funtzio bat probatzen hasi dela jakinarazi du Twitterrek. Urteak dira erabiltzaile aunitzek hori eskatzen zutela.

Editatzeko botoia probatzen ari da Twitter, behin plazaratuta txioa moldatu ahal izateko.
Editatzeko botoia probatzen ari da Twitter, behin plazaratuta txioa moldatu ahal izateko. (Olivier DOULIERY | AFP)

Twitterrek txio bat plazaratu eta ondoko 30 minutuetan editatzeko aukera eman nahi du, eta horretarako funtzio bat probatzen hasi da. Hala jakinarazi du enpresak bere webgunearen bidez. Bertan azaldu du oraingoz barne probetan dabiltzala baina datozen asteetan Twitter Blue ordainpeko zerbitzuan izena emanda daudenekin aplikatuko dutela.


Sare sozialak akatsak zuzentzeko edo ahantzitako etiketak gehitzeko bidea emanen du horrela. Horretarako ordu erdiko muga jarri du printzipioz.

Editatutako mezuetan azken edizioko ordua agertuko da. Eta ikono batean zapalduz gero txioaren aurreko bertsioak ikusten ahalko dira.

Twitterrek esplikatu duenez, denbora mugak eta bertsioen historialak paper garrantzitsua jokatuko dute «elkarrizketaren osotasuna babesteko eta erran denaren artxibo publiko bat sortzeko».

Errazago eta lasaiago txiokatzeko

«Txioak editatzeko aukerarekin txiokatzea errazagoa eta lasaiagoa izatea espero dugu», erantsi du enpresak.

Izan ere, agertu duenez, funtzio hori da erabiltzaileek gehien eskatzen dutena. Proba fasean adi behatuko dute jendeak nola irakurri eta idazten duen.

Joan den apirilean iragarri zuen sare sozialak editatzeko botoi honekin lanean ari zela. Gutxi lehenago, Elon Musk aberatsak inkesta bat egin zuen gai honetaz bere jarraitzaileen artean eta hasieran Twitterrek erabakia horrekin lotuta zegoela ukatu arren, ideia horrekin lanean ari zela aitortu zuen gero.

Ordurako enpresako akziodunik handiena zen Musk eta handik gutxira Twitter osoaz jabetzeko eskaitzan egin zuen 44.000 milioi dolarren truke. Hasieran onartu egin zuen enpresak, baina hilabete batzuk geroago bertan behera utzi zuen akordioa.

Urrian epaiketa hastea espero da, akordioa ixtera behartzeaz akusatu baitzuen konpainiak enpresaria.