Pablo Muñoz Campaña (Efe)

Atenaseko baso «adimenduna», suteei aurre hartzeko gai

Duela 30 urte sute erraldoi batek Atenaseko Syngrou basoa kiskali zuen. Gaur egun, programa pilotu bat martxan jartzeko aukeratutako tokia da: teknologia berrien laguntzaz suak detektatzea bilatuko dute; hasi berri direnean eta hasi aitzinetik ere bai.

Atenas hiria eta basoa.
Atenas hiria eta basoa. (GETTY IMAGES)

Syngrou Atenaseko basoa, orain hiru hamarkada sute handi batek erabat suntsitu zuena, hautatu dute proiektu pilotu bat abiatzeko kokaleku. Teknologia berriak baliatuz, suteei aurre hartzea da egitasmoaren funtsa.

«Aurreikus daitekeen sute bat detektatzeko modua izanen dugu gertatu aurretik ere», azaldu dio EFE agentziari Georde Delaportas Probotek enpresako zuzendari nagusiak. Huawei, Nova-Wind eta Greziako Gobernuarekin batera egitasmo aitzindari batean lanean ari da, baso «adimendunak» sortu nahian, suteak azkar-azkar atzemateko bakarrik ez, ekiditeko ere bai.

Dronak, sentsoreak, bereizmen handiko kamerak eta adimen artifizialekoak erabiliko dituzte basoak zaintzeko. Italian, Turkian, Polonian edota Danimarkan baliatzen ari dira jada halako erremintak, baina ez daude beren artean konektatuta, ezta nazioartean elkarri lagunduz zerbait handiagoa egiteko irekiak ere.

Nazioarteko elkarlanerako zabalik

Panayotis Apostolopulos Probotekeko operazioen buruaren arabera, aipatutako teknologia horiek guztiak egitura zentralizatu bakar batean biltzen saiatzea da programa honen berezitasuna. Hala, dena lotua egonen da. Eta, gainera, interesa duen edozein herrialderi zabaldua.

Kontrolgunetik bertatik segitu ahal izanen dira baldintza meteorologikoak, basoan barreiatutako 220 sentsoreen zuzeneko informazioa eta kamerek jasotako irudiak.

Zerbait gertatzen bada, kea edo sua agertzen bada adibidez, alarma bat piztuko da inguruko tenperaturaren bat-bateko aldaketa azalduz. Bertara dron bat abiatuko da kamera termiko batekin. Bigarren alarma dei bat adituko da tenperaturak 100 gradu gainditzen baditu, eta bi alarmen kasuan jotzen jarraituko dute gertaera baieztatu arte.

Ezbeharra dronaren bidez konfirma daiteke. Erabat autonomoa izanen da drona, baina monitorizatzeko beharra sortuko balitz eskuz kontrolatzeko aukera ere emanen du.

Programak lekuaren kokapen zehatza emanen du, basoaren dentsitatea dela-eta dronak irudi onik hartu ezin badu oinez joateko.

Prozesu osoa 5G konexioari esker eginen da. Horren bidez, dagokien agintariek ere zuzeneko argazkiak jasotzen ahalko dituzte.

«Egun batean gizon bat harrapatu genuen basoan erretzen», adierazi du Apostolopulosek, sentsoreek zer nolako sentsibilitatea duten ulertzeko adibide bezala. Sistema hagitz zehatza da nahiz eta alarma faltsu batzuk ere bidal ditzakeen. «Normala da hori proiektu pilotu batean».

«Dena konektatzeko proiektu bat»

Proiektu pilotua ekainaren amaieran hasi zen eta hilabete bat gehiagoz egonen da martxan. Halere, Probotek 2020an hasi zen ideia lantzen, sute handiekin kezkatuta.

«Egitasmoa ez zen jaio suteen arazoari irtenbide bat emateko», argitu dute bultzatzaileek. «Kontua da erabiltzen diren adimen artifizialeko sistemak, kamerak eta sentsoreak ez daudela elkarrekin konektatuta; ez dago elkarlanik». Sistema ahalik eta merkeena izan dadin ere ari dira saiatzen, edozein enpresa edo gobernuk izan dezan inbertitzeko aukera.

«Dena konektatzeko balio izatea nahi dugu», azpimarratu du Probotekeko buruak.

Suteen kontrako sistemak batzeaz gain, hiri adimendunak sortzen lagundu nahi dute, zeinetan teknologia digitala erabat sartuta egonen den egitura, zerbitzu eta sareetan. Hala, «Europar Batasunaren kohesioa» bultzatzea espero dute, bide batez.

Behin proiektua bukatuta, enpresa Greziako Gobernuarekin bilduko da emaitzak erakusteko. «Horrela, programa aunitzez zabalago bat egin ahal izanen dute».

Syngrou, Atenaseko baso naturala

Syngrou basoa edertasun naturaleko leku gisa izendatua du Greziako Gobernuak. 95 hektarea ditu eta Atikako arroko azken baso naturaletako bat da. Bertan dago Atenas.

Basoaren parte bakoitzeko mikroklimak direla-eta, lantaldeak hilabete behar izan zuen lurraldea aztertzeko, eta hiru egun sentsoreak ezartzeko. Ehun metrora jarri dituzte, gutxi gorabehera.