NAIZ

Marteko atmosfera aztertu du Perceverance roverrak, EHUko talde baten parte-hartzearekin

Nature Geoscience aldizkarian argitaratuko da Marteko atmosferaren azterketa, NASAren Perseverance roverrean jarritako MEDA gailuak egindakoa. EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko hainbat kidek hartu dute parte ikerketan.

NASAko Perseverance roverrak aztertu du Marteko atmosfera.
NASAko Perseverance roverrak aztertu du Marteko atmosfera. (EHU)

Marteko meteorologia ezagutzea erabakigarria da etorkizunean gizakiek planeta horretara egingo dituzten espedizioak prestatzeko. Hori dela eta, bertako atmosfera aztertu dute NASAren Perceverance roverrean jarritako MEDA gailuak jasotako datuekin. EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak parte hartu du ikerketan.

Perseverance roverra NASAren ibilgailu autonomo bat da, 2021eko otsailaren 18an iritsi zen Jezero kraterrera, Marten lehortuta dagoen antzinako aintzira baten oinarria denera. Ibilgailuak zazpi tresna zientifiko konplexu eta berritzaile daramatza. Haiei esker, iraganean ustez izandako bizitza zantzuen bila planetaren azalera ikertu dezake, laginak bildu edota bertan utzi ditzake gero Lurrera ekarri ahal izateko, teknologia berriak probatu ditzake giza esplorazioan erabiltzeko xedez, eta atmosfera xehetasunez aztertu dezake. Atmosferaren azterketari dagokionez, Mars Environmental Dynamics Analyzer tresnak emaitza berritzaileak lortu ditu.

Lan horretako ikertzaile nagusia José Antonio Rodríguez Manfredi da, Madrilgo Astrobiologia Zentrokoa, eta EHUko Zientzia Planetarioen Ikerketa Taldeko hainbat kidek hartu dute parte. MEDA sentsore-multzo bat da, tenperatura, presioa, haizea, hezetasuna eta Marteko atmosferan beti esekita dagoen hautsaren propietateak neurtzen dituena.

Perseverancek atmosferaren ikerketa osatu berri du Marteren lehen urtean, Lurrarekin alderatuta, gutxi gorabehera bi urteko iraupena du. Emaitzen aurrerapena gaur argitaratu da Nature Geoscience aldizkariaren urtarrileko alean, eta azalean bertan egin diote aipamena. EHUko taldea Agustín Sánchez Lavegak, Ricardo Huesok, Teresa del Río Gaztelurrutiak eta Asier Munguirak osatzen dute, doktoregoko ikasleak dira denak. Haiek gidatu dute tenperaturaren eta presioaren urte sasoiko eta eguneroko zikloen azterketa, baita prozesu oso desberdinek beste denbora eskala batzuetan eragindako aldaketa handiak ere.

Jezero kraterra planetaren ekuatoretik gertu dago eta, urtaroetan zehar, airearen batez besteko tenperatura zero azpitik 55 gradu ingurukoa da, baina gauaren eta egunaren artean asko aldatzen da, 50 eta 60 gradu artekoa izanik alde tipikoa. Eguardiko orduetan, gainazala berotzean, zurrunbiloak sortzen dira airean, aire masak igotzean eta jaistean eragindakoak, konbekzioak sortutakoak, alegia. Gaua iristean, berriz, airea egonkortu egiten da eta eten egiten dira zurrunbiloak.

Presio sentsoreek, bestalde, xehetasunez erakusten dute Marteren atmosfera ahularen urtaro aldaketa, kasko polarreko atmosferako karbono dioxidoa urtzeak eta izozteak eragindakoa; bestalde, eguneko ziklo konplexu eta aldakor bat erakusten dute, atmosferako marea termikoek modulatua. «Marteren atmosferaren presioa eta tenperatura aldatu egiten dira Marteren eguzki egunaren aldietan eta haren azpimultiploetan, eguneko intsolazio zikloari jarraituz (lurrekoa baino pixka bat luzeagoa da eguzki eguna, Martekoak batez beste 24 ordu eta 39,5 minutu izaten baititu); aldaketa horietan eragin handia dute hauts kantitateak eta atmosferako hodeien presentziak», adierazi du Agustín Sánchez Lavegak. Lavega Bilboko Ingeniaritza Eskolako katedraduna da eta Mars 2020 misioko ikerketa taldeko kidea.

Aurrerapausoa, iragarpenak egiteko

Bi sentsoreek, gainera, roverretik gertuko atmosferan gertatzen diren fenomeno dinamikoak detektatzen dituzte, esate baterako: haize zurrunbiloek eragindakoak —harrotzen duten hautsa dela eta ‘dust devils’ deiturikoak —, edo oraindik ondo ulertu ez diren arrazoiengatik sortutako grabitate uhinak. «Hauts zurrunbiloak ugariagoak dira Jezeron Marteko beste leku batzuetan baino, eta tamaina handikoak izan daitezke: 100 metrotik gorako diametroa izan dezakete. MEDArekin, alderdi orokorrak (tamaina eta ugaritasuna) ez ezik, zurrunbilo horiek nola funtzionatzen duten ere zehaztu ahal izan dugu» adierazi du Ricardo Hueso Bilboko Ingenieritza Eskolako katedradunak.

Bestalde, MEDArekin milaka kilometrora dauden ekaitz gogorrak antzeman dituzte, Lurrean izaten direnen oso antzera sortuak: orbitan dauden sateliteek emandako irudien bidez ikusi dira, eta elur karbonikoak sortutako iparreko kasko polarraren ertzetik mugitzen dira.

Aztertutako fenomeno ugari eta askotarikoen artean, MEDAk xehetasunez bereizi ahal izan ditu 2022ko urtarrilaren hasieran izan zen hauts ekaitz beldurgarrietako batek atmosferan eragindako aldaketak. Roverraren gainetik igarotzean, bat-bateko aldaketak sortu zituen tenperaturan eta presioan, haize bolada gogorrak eragin zituen eta hautsa harrotu eta tresnak kolpatu zituen, haize sentsoreetako bat kaltetuz.

«MEDA doitasun handiko neurri meteorologikoak ematen ari da, eta, horiei esker, lehen aldiz ezagutu ahal izango dira Marteren atmosferaren ezaugarriak, eskala lokaletatik metro batzuetako distantziara, baita planetaren eskala globalean ere, milaka kilometrora gertatzen denari buruzko informazioa bildu baita. Horrek guztiak Marteko klima hobeto ezagutzea eta erabiltzen ditugun iragarpen ereduak hobetzea ekarriko du», adierazi du Sánchez Lavegak.