NAIZ

Iñaki Sanz-Azkueren GAUR8ko artikulu batek irabazi du berriz kazetaritzako Elhuyar saria

Judith Zubia Aranburu, Mattin Urbieta Galarraga, Aitor Garmendia Etxeberria eta Iñaki Sanz-Azkue saritu dituzte CAF-Elhuyar sarietan. Sanz-Azkuek GAUR8n argitaratutako artikulu bati eman diote zientzia-kazetaritzako saria, bigarren aldiz.

Iñaki Sanz-Azkue, saria jaso berritan.
Iñaki Sanz-Azkue, saria jaso berritan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘Begiratu urrunera’ lelopean banatu dituzte gaur arratsaldean CAF-Elhuyar sariak Usurbilgo Sutegi aretoan. Sarituen artean dago Iñaki Sanz-Azkuek GAUR8 astekarian argitaratutako ‘Dragoi txiki bat egongelako horman’. Bigarrenez irabazi du Sanz-Azkuek saria, 2021ean ‘Etxeko leihoak naturaren behatoki’ artikulua saritu baitzioten arlo berean.

Sariketa Elhuyarrek antolatzen du urtero, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin. Helburua da zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea. Edizio honetan 41 lan jaso dituzte, eta epaimahaikideek honakoak saritu dituzte: Judith Zubia Aranburu, Mattin Urbieta Galarraga, Aitor Garmendia Etxeberria eta Iñaki Sanz-Azkue bera. Saridun guztiek 2.000 euroko ordaina eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.

Saritu guztien talde-argazkia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Aurtengo leloaren mezua Isaac Newtonen esaldi honi lotuta dagoela azaldu dute sari banaketan: «Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako izan da». Izan ere, hori da Elhuyarrentzat ezagutza zientifikoaren muina: «Hutsetik sortzen duen jenioaren estereotipoa alde batera utzita, aurrekoek egindakoaren talaiatik aurrera begiratzen dute ikertzaileek, urrunera, aurkikuntza berriak egiteko».

Dibulgazio artikulu orokorraren saria Judith Zubia Aranburu arrasatearrak irabazi du, ‘Garena egiten gaituena, egiten duguna idazteko’ izeneko artikuluarekin. Lana saritzeko orduan, epaimahaiak nabarmendu du gaurkotasun bete-beteko gai bati heldu diola egileak, datuen biltegiratze digitalari, eta, arazoa azaltzeaz gain, irtenbide bat ere azaltzen duela modu argi eta ulergarrian. Horrez gain, azpimarratu dute irudiek testua ondo osatzen dutela, eta irudiak egileak berak egin izana ere kontuan eduki dutela azaldu dute.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio artikuluaren saria, berriz, Mattin Urbieta Galarraga debarrak eskuratu du, ‘Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko’ lanari esker. Epaimahaiak azaldu duenez, artikulu «osatua eta landua» aurkeztu du egileak, eta «ondo azaltzen du zertan datzan tesia eta zer ondoriotara iritsi den bere ikerketan».

Klima aldaketa, «xumetik eta txikitik»

Zientzia-kazetaritza kategorian, ‘Dragoi txiki bat egongelako horman’ lana izan da saritua. Iñaki Sanz Azkue da lanaren egilea, eta, epaimahaiak nabarmendu duenez, gai garrantzitsu bat landu du hernaniarrak bere artikuluan: klima aldaketa. Baina, gaiaz harago, zein ikuspegirekin landu duen iruditu zaio azpimarratzekoa epaimahaiari. Izan ere, klima aldaketari buruzko artikuluek hondamendi kutsua izaten dute askotan, eta oraingoan, berriz, egileak «xumetik eta txikitik» heldu diola adierazi dute, eta «estilo argia eta atsegina» erabili duela. Artikulua GAUR8 astekarian argitaratu zen iazko uztailean.

Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen NEIKER saria Aitor Garmendia Etxeberria itsasondoarrak irabazi du aurten, ‘Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean’ lanari esker. Kategoria honetako epaimahaikideek garrantzi berezia eman diote egileak gaurkotasun handiko auzi bati heldu izanari, azaldu dutenez, eta aintzat hartu dute eztabaida handia sortzen duen gaia izanik, eragile guztiak kontuan hartu izana.

Diru-laguntza proiektuei

Sariez gain, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten, bi proiektuk jaso dute sorkuntza beka, epaimahaiak beka ex aequo ematea erabaki baitu. Jon SAnchez Carrasco donostiarraren ‘Semiosi-genesi’ proiektua da sarituetako bat, eta bestea, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren ‘Ia dena’ lana. Bi proiektuak osagarriak eta bateragarriak dira epaimahaikideen ustetan, hori izanik beka ex aequo ematearen arrazoia.

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu saria ematen du, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea helburu duen aitortza. Aurten, Jacinto Iturbe Barrenetxeak jaso du, euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik.

Epaimahaikideei dagokienez, honakoak izan dira dibulgazio artikuluak eta kazetaritza lanak epaitu dituztenak: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillango, kazetari eta idazlea; eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arlo arduraduna. Neiker sariaren irabazlea, berriz, hauek aukeratu dute: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría MartInez, HAZI Fundazioko arloko burua; eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria.

Zientzia Gizartean sorkuntza bekara aurkeztutako proiektuen epaileak hauek izan dira: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna; eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazio arduraduna.