Testua: Gorka MARTINEZ Argazkiak: Getty Images

Atenas, antzinako ondarea

Murgildu zaitez denboran zeharreko bidaia liluragarri batean, Atenasko galtzada-harrizko kaleetan paseoan zabiltzala. Bere historia aberatsarekin, arkitektura ikusgarriarekin, klase ugariko merkatuekin, eta, bereziki, kaleko giro dinamiko eta biziarekin, hiriak bisitariari bihotza lapurtuko dio.

Paradisu itxurako lekuak badira, gehienak urruneko parajeak, naturaren erdian daudenak. Badira beste batzuk, beti gainezka ez baleude, ametsezkoak izan litezkeenak. Atenasko Akropolia da horietako bat. Hiriak Grezia klasikoaren harribitxi hau gordetzen du, bere amu turistiko garrantzitsuena. Itsas mailatik 156 metrora kokatutako eraikin honen edertasuna bere tenpluetan zegoen. Garai klasikoan iritsi zen puntu gorenera, Periklesek persiarrek utzitako hondakinen gainean eraikitzea agindu zuenean. Baina Akropolia polis garrantzitsuenetako bat izandako hiri batek eskaintzen digun helmugetako bat baino ez da.

Sintagma plaza Atenasen bihotz enblematikoa da eta, krisi garai hauetan, mota guztietako manifestazioen kontzentrazio-gunea. Bere izena egunkarietako azalak hartzen hasi zen 2012. urtean, Grezia austeritatearen aurka borrokatzen ari zenean. Gaur egun, mobilizazioaren erdigune izaten jarraitzen du, baina baita paseatzeko eta erlaxatzeko toki ederra, parlamentua ondoan dugula.

Atenas Greziaren bihotza da, eta filosofiaren, demokraziaren eta Mendebaldeko zibilizazioaren balio ugariren sorlekua. Hiria eta bertako museoak ezagutzea irakasgarria bezain bizigarria da. Erdigune historikoan, hain zuzen ere, Plaka auzoa dago, antzinako monumentuz, eliza txikiz, arte bizantziarreko eta arkitekturako maisulanez eta otomandar garaiko hondakinez betea. Toki ezin hobea da, halaber, tokiko produkturen bat erosteko eta inguruan diren taberna bitxietako batean freskagarri bat hartzeko.

Patission kalea ere ikus daiteke, hainbat eraikin interesgarri biltzen dituen bidea, hala nola, etxe neoklasikoak eta Arkeologia Museo Nazionala. Eta museoez ari garela, ezin dira bisitatu gabe utzi Arte Garaikidearen Museo Nazionala, Atenas kanpoaldean, Nueva Ionian, eta Greziako Herri Musika-tresnen Museoa, 1.200 instrumentu baino gehiago dituena.

Bestalde, ingurumarietarako bidean hondartza, merkataritza-gune eta diskoteka ugari aurkituko ditugu, udan giro bizia dutenak. Aldameneko Pireo hirian, Greziako portu nagusian, geldialdi bat egitea gomendatzen dugu, baita Dafniko monasterioan (herrialdeko monumentu bizantziar garrantzitsuenetako bat) eta Poseidonen tenpluan ere (Sunion lurmuturrean).

Aurreko guztia garraiobide modernoekin, denda, jatetxe eta gaueko lokal ugarirekin uztartzen da, inguruan dauden aztarna arkeologikoetatik oso urrun daudenak, baina elkarrekin era harmoniatsuan bizi direnak, turistari ametsezko proposamen bat oparitzeko. Eta, joan aurretik, gozatu herrialdeko gastronomia mediterraneoaz: Greziako entsalada, jogurta, spanakopita (espinaka-tarta), musaka, ouzoa (likore anisatua) dira ezagunenetakoak, baina zerrenda luzea da.