NAIZ

‘Orein Orain’ aurrerapen kantua aurkeztu du Belakok

Belakok irailaren 8an kaleratuko du ‘Sigo regando’ disko berria eta, bitartean, aurrerapen abestiak iragarriz doa talde mungiarra. ‘Orein Orain’ kantuan, euskara eta ingelesa nahasiz, mundu oniriko baterako bidaia proposatzen digute.

Uda abiatzearekin batera hasi zen Belako talde mungiarra irailaren 8an argia ikusiko duen ‘Sigo regando’ disko berriko aurrerapen kantuak aurkezten. ‘White Lies’ eta ‘Sangre Total’ etorri ziren lehenik eta, ostiral honetan, diskoko hirugarren aurrerapen kantua eta honen bideoklipa aurkeztu dituzte.

‘Orein Orain’ izena daraman kantu berri honetan euskara eta ingelesa nahastu dituzte mungiarrek eta, leun eta gozo, mundu oniriko baterako bidaia proposatzen digute.

«Etxera garamatzan abestia da eta, aldi berean, asmatutako eta oreinez, lainoz eta hiri hutsez betetako mundu baterako bidaia proposatzen digu. Behin izan zen haren forma berriak aurkezten dituen unibertso bat da», azaldu dute taldekideek.

‘Orein Orain’ taldeko gitarra-jotzaile Josu Billelabeitiak ekoitzi du eta vocoder efektuak erabili dituzte ahotsetarako, pop leuneko giro bat eraikiz.

Diskoaz, «abesti handiak» bilduko dituela aurreratu dute taldekideek eta euren bosgarren estudioko lan honekin batera Belakoren ibilbideko «unerik garrantzitsuena» iristen ari dela jarri dute balioan.

Aurretik esan bezala, ‘Sigo regando’ disko berriak irailaren 8an ikusiko du argia eta preorder-a irekita dago, Belako-ren web-orrialdean. Diskoaz batera, kontzertu birtual baterako sarbidea ere eskuratuko dute erosleek.