NAIZ

Bideojokoen industriak 13.000 lanpostu sortuko ditu 2025ean, gazte jokalarien «desira»

Bideojokoen industria eta eduki sortzaileak dira gazteen «lanbide desiratuak», ikerketa baten arabera. Adituek jakinarazi dute 2025ean industria honek 13.000 lanpostu sortuko dituela. Hori dela eta, Kataluniako UOC unibertsitateko adituek, lanbidearen «gakoak» eman dituzte.

 

Bideojokoen industriak azkenaldian etengabe garatzen ari den sektorea da.
Bideojokoen industriak azkenaldian etengabe garatzen ari den sektorea da. (Evgeniy Shkolenko | Gettyimages)

Bideojokoen industria azkenaldian etengabe garatzen ari den sektorea da, 2025erako 13.000 lanpostu sortzea espero dute adituek. Gainera, espainiar Estatuko ‘III. Gaming-aren erradiografia’ ikerketaren arabera, Z belaunaldiko gazte gehienen lanbide gustukoenak bideo-jokoen industriarekin eta eduki sortzaileekin zerikusia dutenak dira.

Ikerketak jakinarazi du bideo-jokoetan aritzen diren gazteen %90,2ak industria horretan lan egiteko aukera duela uste duela. Horretaz gain, %39ak bere etorkizuneko lanpostua izatea espero du. Industriaren barnean hainbat profil profesional garatzeko beharrak ekarri du uste hori.

2021ean 8.833 pertsonek lan egiten zuten industria honetan, eta urte bete geroago 9.893 pertsona aritzen ziren bideo-jokoen sektorean espainiar estatuan, ‘Bideo-jokoen Garapenaren Liburu Zuria’ ikerketak jasotzen duenez. 2025ean kopuru hau 13.000 lanpostuetara igotzea espero dute adituek.

Joan Arnedok, Univertsitat Oberta de Catalunya (UOC) unibertsitateko irakasleak eta bideojokoen diseinu eta programazioko masterreko zuzendariak, azaldu du bideojokoak «urrezko aroan» daudela, eta masen produktua bilakatu direla. «Orain publiko guztientzako kontsumo produktuak bilakatu dira; Roblox haurrentzat, Fornite nerabeentzat eta Candy Crush amonentzat», adierazi du Arnedok.

Bideojokoen sektoreko ikasketak azken urtean nabarmen hazi direla aipatu du Arnedok. 2013an bideo-jokoen garapenaren inguruko lehen graduak sortu ziren eta gaur egun ikasle horiek haien enpresa propioak sortu dituzte, ikasketek «aurrera egiten» jarraitzen duten bitartean. «Hazteko garaia da, graduatu berri diren ikasleen proiektu pertsonaletik haratago joateko garaia», nabarmendu du irakasleak.

Profesional askoren beharra

Gainera, Xavier Pallicerak, UOCeko irakasleak eta Cocodrollo Apps-eko sortzaileak azaldu duenez, geroz eta langile gehiago eta espezializatuagoak behar dira: «Hemen ikasketa gehiago ezarri ahala, mota guztietako profil profesionalak beharko dira eskaerari erantzuteko».

‘Liburu Zuriaren’ datuen arabera, egun sektoreko lanpostuen %20a programatzaileak dira, %17 artistak, %8 diseinatzaileak eta %7 animatzaileak. Hala ere, industria garatzen den heinean, profil berriak azaldu direla adierazi du Arnedok; horien artean «jokuen ekonomiaren adituak» profila legoke, momentuz eskaera handia duen lanpostua delarik.

«Ekonomian aditua denaren profila ez da dikotomia honetan sartzen, eta enpresa batzuek atzerrian bilatu behar dituzte, hemen ez daudelako», azaldu du Arnedok. Eskaera handia duen beste profila datuen analisiena da, oraindik ere «oso desiragarria» ez dena, adituen arabera.

Aukera hain ugariren aurrean, UOC unibertsitateko adituek ahalik eta profil gehienak probatzea gomendatzen dute, modu horretan, bakoitzak bere gaitasunak hobeto ezagutuko dituelako eta ondoren aukeratu ahal izateko.

Horretaz gain, Arnedok garrantzia handia eman dio «parte hartzeari». Etengabe ikasten eta besteekin harremanetan egon behar dute sektore honetako langileak irakaslearen arabera. Hori dela eta,  ‘Game jams’ enkontruetara hurreratu eta enpresekin harremanetan egotea gomendatu du.