NAIZ

Iñigo Muguruza hil zela lau urte bete dira

Gaurko egunez Iñigo Muguruza hil zen duela lau urte. Oraindik gogoan izango dute askok bere unibertso musikala. Fermin anaiak sareetan gogoratu du, eta hura oroituz lanean dihardu proiektu berriekin.

Iñigo Muguruza 2017an.
Iñigo Muguruza 2017an. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Musikazale askok ez zuten gogorarazpen beharrik, baina bere anaia Ferminek sareetan ere oroitu du gaur Iñigo Muguruza hil zela lau urte bete direla. Kolpe latza izan zen Iñigo Muguruzaren heriotza senideentzat, eta baita euskal musikagintzarentzat ere.

 


Duela lau urte isildu ziren Iñigo Muguruzaren doinuak, esklerosi anizkoitzaren eraginez. Oso gaztetatik izan zuen musikarekin lotura, 14 urterekin Desband taldeko kide izan zen (ondoren, Beti Mugan taldea bilakatuko zena). Baina taldea utzi zuen Fermin anaiarekin batera talde berri bat sortzeko, 1980ko hamarkadako rock eszenako gotorlekuetako bat sortu zuten: Kortatu. Punk eta ska estiloen oinarriekin musika-eszena irauli zuten, eta ia oharkabean Euskal Herriko soinu bandan iltzatuta geratu diren abestiak sortu zituzten. Nork ez ditu gogoan ‘Mierda de ciudad’ edota ‘Sarri, Sarri’ 38 urte igaro arren?

Etengabeko sorkuntza izan zen Iñigoren bizitzaren oinarria, eta hainbat talde igaro zituen, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau edota Hiru Leike. Rap eta musika beltza punk eta rockarekin nahasten aitzindaria izan zen, beti gitarra elektrikoa eskuan. Halere, hamaika aurpegi zituen Iñigoren sorkuntzak, antzerkirako gidoi bat eta haur literaturako liburu bat ere idatzi baitzituen.

Fermin anaiak gaur goizean argitaratu duen argazkia Pablo Cabeza kazetariak egina da, 1984ean, Bilboko Café Iruña tabernan. Orduz geroztik hamaika pasarte eta abesti biziko zituzten Muguruzatar anaiek, baina Cabezarekin hitzordua jartzeko beti izan daiteke momentu egokia, eta Cabezak berak egin zion Iñigori ziurrenik bere azken elkarrizketa izango zena, GARA egunkarian.

Bere azken lanaz, bizirik mantentzeko sorkuntzaren beharraz eta beste hainbat diziplinatan egindako lanez aritu ziren. «Sorkuntza oso garrantzitsua da gauzatua sentitzeko, nire kasuan behintzat», eta sorkuntzaren argi ilunez hitz egiteko parada ere izan zen «El Faryk zioen gizon bigunak gorrotatzen zuela; bada, ni horietako bat naiz».

Fermin Muguruza ‘Ainhoa’ filmaren estreinaldian, atzean anaia Iñigoren irudia.

Oroimenean eta lanean

Fermin Muguruzak jada anaiarekin talderik partekatu ezin badu ere, sorkuntzaren bidean lanean jarraitu du, odolean daramate ezinegon hori. Donostiako Zinemaldian aurkeztuko du bere azken lana, ‘Bidasoa 2018-2023’; Europako migrazioek sortzen dituzten gatazketan jarri du begia oraingoan.

Black is Beltzaren bigarren zatia ere anaia hil ostean egin zuen, ‘Ainhoa’; hein handi batean Iñigori egindako omenaldi bat izan zela aitortu izan du Ferminek aurkezpen eta emanaldietan.