NAIZ

I+G gastua inoiz baino handiagoa izan arren, BPGarekiko pisua jaitsi egin da

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan I+G arloan egindako gastuak %9ko igoera izan zuen 2022an, 1.795 milioi eurora iritsiz, sekula izan den handiena, Eustatek argitaratutako datuen arabera . Kontrara, barne Produktu Gordinarekiko (BPG) gastua jaitsi da azken urteotan, eta iaz %2,08 izatera iritsi zen.

I+G gastua inoiz baino handiagoa izan zen EAEn 2022an.
I+G gastua inoiz baino handiagoa izan zen EAEn 2022an. (Gorka RUBIO | FOKU)

Eustatek argitaratu berri dituen datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako I+G jarduerarako gastua inoiz baino handiagoa izan zen 2022an, 1.795 milioi eurokoa. Beraz, %9ko igoera egon da, hau da, aurreko urtean baino 148 milioi euro gehiagoko gastua izan da.

Hala ere, inbertsioa Barne Produktu Gordinarekiko (BPG) aztertuz gero, jaitsi egin da. 2019an hasi zen igoera baten ondoren puntu gorenera iritsi zen 2019an, BPGaren %2,11 izanik, eta 2022an %2.08a izatera jaitsi zen.

Dedikazio Osoko Baliokidetza kontuan hartuta –lanaldi osoko langileen kopurua eta lanaldi-zatikoak I+G jardueretan aritzen diren denbora batuz kalkulatzen dena–, 21.746 pertsona aritu ziren I+Gan 2022an, aurreko urtean baino %4,5 gehiago.

Horrekin batera, ikertzaileen kopuruak %6ko igoera izan du, eta 15.230 pertsona izan dira Dedikazio Osoko Baliokidetzan. Gastua bezala, bi hauen kopuruak sekula izan diren handienak izan ziren.

Gastu osoaren %45,6 Bizkaian egin zen, %43,3 Gipuzkoan eta %11,1 Araban. BPGari dagokionez, Gipuzkoakoaren %2,75 izan den, Bizkaikoaren %1,83 eta Arabakoaren %1,49.

Sektoreka, %77,1 (1.384,5 milioi euro) enpresek egin zuten; %16,4 (294,3 milioi) goi-mailako irakaskuntzak, eta gainerako %6,5a (115,9 milioi) administrazioaren mendeko zenbait erakundek.

2021. urtearekin alderatuta, enpresek %8,6 areagotu zuten I+Gko gastua, erakundeek %10,7, eta goi-mailako irakaskuntzak %10,2.

Enpresek 1.004 euro bideratu zituzten ikerketara, 2021ean baino %7,6 gehiago. Zifra hori finantzaketa osoaren %55,9 da, baina finantzatutako guztizkoarekiko proportzioak behera egin zuen 0,8 portzentaje-puntu, 2021ekin alderatuta. Hala ere, lehen finantzaketa-iturria izaten jarraitu zuen.

Finantzaketa publikoak, bestalde, 608 milioi euroko ekarpena egin zuen, eta %12,4 egin zuen gora, aurreko urtearekin alderatuta. Barneko I+Gko gastu osoaren %33,9 da, eta 1,0 portzentaje puntuko igoera izan zuen.

Finantzaketa publikoaren jatorriari dagokionez, administrazio autonomoaren ekarpena nagusitu zen (476,7 milioi), eta %10,0ko igoera izan zuen aurreko urtearekin alderatuta. Zehazki, administrazio publikoak 2022an finantzatutako guztizkoaren %78,3 eta gure Erkidegoan exekutatutako I+G osoaren %26,6 izan zen.

Bestalde, Estatu espainolaren finantzaketa (104,7 milioi) %19,9 igo zen 2022an, eta administrazio publikoek finantzatutako guztizkoan duen proportzioa %17,2ra iritsi zen. Azkenik, aldundien eta tokiko administrazioen finantzaketa (27,1 milioi) %4,5era iritsi zen, eta %31,8 igo zen aurreko urtearekin alderatuta.

Emakume gehiago

Generoari erreparatuz, I+Gan aritzen diren emakumeen kopurua handitu zen, 2021an baino %6,6 gehiago zirela. Honenbestez, 2022an %36,9a emakumeak ziren, 8.033. Langileen guztizkoaren proportzioari dagokionez, zazpi hamarren gehiago izan ziren, eta denbora ikuspegi zabalago bat hartuta, proportzio horrek 3,5 portzentaje-puntuko igoera izan du 2010. urtearekin alderatuta.

Eustaten datuek erakusten dute emakumeen kopurua handitu dela enpresen sektorean eta goi-mailako irakaskuntzaren sektorean: 4.765 eta 2.515, hurrenez hurren, eta 752 administrazio publikoaren sektorean. Hala ere, termino erlatiboetan, azken sektore honetan emakumeak langile guztien %55,9 dira, goi-mailako irakaskuntzan %50,5, eta enpresen sektorean %30,9.