NAIZ

Pommelier berria da Haritz Rodriguez donostiarra, baita Estatuko lehen sagardo sommelierra ere

Haritz Rodriguez, kazetaria eta marketin gastronomiko eta turistikoko aholkularia, Estatu espainoleko lehen sagardo sommelierra bihurtu da. Pommelier izenaz ezagutzen den titulu hori American Cider Association erakundeak ematen du eta 122 pertsonak dute mundu osoan.

Haritz Rodriguez.
Haritz Rodriguez. (EMEMÁSEME)

Pommelier titulua eskuratu berri du Haritz Rodriguez donostiarrak; American Cider Association erakundeak banatzen du, sektore honetako erakunde garrantzitsuena da nazioartean, eta bakarrik 122 pertsonak dute mundu osoan. Gainera, izendapen honekin Estatu espainoleko sagardo sommelier bakarra bilakatu da, orain arte inork ez duelako lortu.

«Lehenik eta behin, proba teoriko bat gainditu behar izan nuen, sagardoaren ekoizpenaren, historiaren eta geografiaren azterketa barne hartzen duena, eta gero azterketa praktikora igaro nintzen, non hautagaiok sagardo batzuk eta haien ezaugarriak deskribatzen asmatu behar genuen, analisi sentsorialaren estandarraren arabera», azaldu du Rodriguezek ohar batean.

Pommelier berriak sagardo denboraldiaren hasierarekin batera ospatu ahal izan du titulua. Aurten, Tolosako Ama jatetxean bertako eta nazioarteko hainbat sagardo dastaketa eskainiko ditu Rodriguezek. Kazetaria (GARAn jardun zuen, besteak beste) eta marketin gastronomiko eta turistikoko aholkularia ere bada.

Otsailaren 7an sagardo naturalari buruzko mahai-inguru bat moderatuko du Cider Con-en, Chicagon (Estatu Batuak) egiten den munduko sagardo konferentziarik handienean.

«Sagardoak garatzeko ahalmen handia du, eta, eboluzionatzeko, garrantzitsua da ekoizlearen eta kontsumitzailearen artean bitartekari gisa jardungo duten pertsonak izatea –adierazi du adituak–. Upategi bakoitzaren atzean dagoen historia kontatu behar da, baita botila bakoitza nola egiten den ere, zabaltzen lagunduz. Pommelierrek zeregin garrantzitsua betetzen dugu lan horretan», erantsi du.

Ciderzale izenez ezaguna da Haritz Rodriguez sare sozialetan.

 

Tokiko eta nazioarteko hainbat eragilerentzat lan egin du sagardoaren munduan azken urteotan, epaile gisa parte hartu ohi du hainbat sagardo-lehiaketatan eta jaialdiak eta azokak antolatzen ditu, besteak beste, Sidrama (Portugal), Sagardo Forum (Euskal Herria) eta NICA (Norvegia).

Gainera, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen analisi sentsorialaren panelean parte hartzeko prestatu du bere burua. 2018an Ciderlands sagardoaren turismoaren nazioarteko sarearen sorrera bultzatu zuen, eta duela gutxi Basque Culinary Centerreko EDA Drinks & Wine Campus taldean sartu da, sagardoari buruzko aholkulari nagusi eta hezitzaile gisa.