Zenbait herritan joan den astean eta beste batzuetan datozenetan ospatu behar badituzte ere, Euskal Herriko toki gehienetan astearte honetan bukatu dira inauteriak.
Lantzen, lerro hauen gaineko bideoan ikusi daitekeenez, kalejiran ibili dira herritik Ziripot eta txatxuak, eta baita hura gogaitzen ibiltzen diren Miel Otxin eta Zaldiko ere. Herrian jazotako gaiztakeria guztien erruduntzat jota, iluntzean erre dute Miel Otxin, harekin batera ezbehar denak uxatzeko. Aurten ere, bisitari ugari izan dituzte herrian, jaia bertatik bertara ezagutzeko asmoz gerturatuak.
Altsasun, momotxorroak, Juan Tranposo, akerra eta beste pertsonaia odoltsu batzuk atera dira iluntzean. Herritik barrena joan dira, marrua eginez eta topatzen dituzten guztiak probokatuz eta zirikatuz egurrezko sardearekin. Jendea beldurtzeaz gain, momotxorroen zortzikoa dantzatu dute.
Mamuxarroak ere Unanuko kaleen jabe egiten dira urtero, hurritz-makila luzeak astinduz eta bizilagunak zein kanpotarrak izutuz. Antzinako ihote hau urtero berpizten da inauterietako igandean eta asteartean.
Lesakan, Fraindarrak goizean Izotzaldea auzoan barna baserriz baserri ibili dira eskean, eta arratsaldean herrian zehar. Musikak irauten duen bitartean dantzan aritu behar dutenekin batera, musikariak, arrautzak eta dirua biltzeko ardura dutenak eta erratza astintzen dutenek osatzen dute Fraindarren taldea.
Bilbon, urtero legez, sardina ehortzi dute. Arratsaldeko 19.30ean, Sardinaren hileta-segizioa Plaza Barritik abiatu da, kandelak eta argiak eskuetan hartuta Arriaga plazaraino. Ibilbidea 20.00etan amaitu da Arriaga Plazan. Farolin, Zaranbolas eta Jai Batzorde Mistoko ordezkariak buru dituen musikari, bertsolari, dantzari eta zirkuko artista talde batek lagundu dio Sardinari bere agurrean.

Fermin Muguruzak sua piztu du Erromako gau beroan

Alertan del cierre de una agencia de viajes en Errenteria que deja «muchos afectados»

Jaigunerako toki gehiago behar duela aldarrikatu du Herri Sanferminak ekimenak
