BABESLEDUN EDUKIA

Kalejirak, erromeriak eta danborradak nagusi Zarauzko Pelaio deunaren jaietan

Zarauztar asko eta asko zegoen Pelaio deunaren jaiak iristeko irrikaz, lagunekin elkartu eta Iñurritzako kalejiraz eta erromieraz gozatzeko. Momentu hori iritsi da eta, larunbata bitartean, herritar guztiei zuzendutako jai egitaraua prestatu du Udalak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean.

Txaranga eta dultzaineroen doinuek dantzan jarriko dituzte berriro Zarauzko gazte eta helduak.
Txaranga eta dultzaineroen doinuek dantzan jarriko dituzte berriro Zarauzko gazte eta helduak. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Zelai Ondoko jaiei segida emanez datoz, aurten ere, San Pelaio jaiak. Haurren txupinazoa asteazken eguerdian izango da (ekainak 25) eta gauean, helduen danborrada abiatu eta gero, banderaren igoera, txupinazoa eta Pelaioren ereserkia abestuko dute, Musika Bandak girotuta.

Aurtengo gonbidatuak Jose Inazio Elias eta Joxe Miel Gastañares "Legazpi" txistulariak izango dira, herriko jai eta ekitaldi nagusiak nahiz auzoetako festak urte luzez alaitzeagatik aitortza eta omenaldia egiteko.

Danborrada osatzen duten elkarteek ere euren omenaldi propioa egingo dute eta San Pelaio makila Pedro Chicori eskainiko diote, danborradaren alde egindako lana eskertzeko.

Aurten, helduen danborrada txarangen musikaz girotuko da, azken urteetan bozgorailuen bitartez egiten zen sistema ordezkatuz. Gainera, danborrada bat gehiago izango da Lege Zaharren Enparantzan, Galtxagorri elkartea gehituko baita. Beraz, 15 izango dira guztira helduen danborradan parte hartuko duten elkarteak.

Gauerdian, "Pelaio, Pelaio" ereserkia abestu ondoren, hainbat herritarren eskariari erantzunez eta garai batean egin ohi zen bezala, Udaletxe paretik kalejira abiatuko da Musika Plazara, txarangak girotuta.

Egitaraua larunbatera arte luzatuko da eta ez dira faltako dantza, haurrentzako jolasak, erromeriak, kirola, erraldoi eta buruhandiak, haur eta helduen danborradak… eta dena musika eta festa giroaz lagunduta, horretaz arduratuko diren musikari eta talde hauei esker: Zarauzko Musika Banda, Lizarrako dultzaineroak, Izer-Alabier eta Intxausti-Larrañaga trikitilariak, Mauxitxa, Gauerdi, Pasai eta Sugarri txarangak, Bide Batez, Oxabi, Gauargi, Muxutruk, Bikabi, Olloki eta Itzal musika taldeak, eta DJ Krokodilo, DJ Davila eta DJ Oihan Vega.

Aurten, berrikuntza bezala, Udalak 3.000 San Pelaio bandera enkargatu ditu herriko balkoi, etxe eta kaleak festarako girotzeko. Turismo Bulegoan daude eskuragarri, agortu arte. Herritar bakoitzak bi bandera jaso ahal izango ditu gehienez.

Horrekin batera, azken urteetan bezala, San Pelaio zapiak ere herritarren eskura jarriko dira ekainaren 25 goizean Turismo Bulegoan.

Informazio honen babesleak: Eguzki taberna, Euskalduna taberna, Frutería Jesusa, Kattalin Joyería, Mele Mele.