Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Minari bidea

Heriotza orpoetan esaten zuen filma harekin gogoratzen ari naiz aspaldian. Ez nik hala nahita, baina atzetik segika daukat heriotza. Atzetik segika, albotik zangotraba egiten, aurretik bizkarra ematen, gainean jartzen zait batzuetan eta beheraka tira egiten dit beste batzuetan. Heriotza orpoetan baino, poroetan.

Lehendik ere ezaguna nuen herio. Ez dut nik beltzez eta sega batekin irudikatzen. Lurrera botatzen zaituen haize zirimola gogor bat da niretzat. Haize hori gorputzeko zulo guztietatik sartzen zaizu, barrua dena mugitzen dizu eta lurretik altxatzea lortzen duzunean dagoeneko ez zara lehengo bera. Hor barruan tokia egin diozu agurtu duzun horri. Hari entzundakoak eta jasotakoak zure memorian ordenean jartzea izango da ondorengo lana. Hark egiten zituenak oroitzea, bere lurrina sumatzea ezezagunen alkandoretan, bere gustuko platerak bihotzarekin dastatzea, bere ahotsa ahazteko beldurra sentitzea eta, era berean, mugikorreko bere audio mezuak entzuteko gai ez izatea. Lagun jakintsu batek esaten duen bezala, «minari bide zabal-zabal bat egin behar zaio».

Kazetaritza ofizio zoragarria da. Han joan naiz, nire bide-dolu bete-betean, Jone Forcada zenaren etxera. Bertan eskuzabal hartu naute bere seme-alabek. Hemendik eskertza sentitu bat.

Forcada pasa den urriaren 17an zendu zen Donostian eutanasiaren bidetik. Berak hala erabakita, kartzela bihurtzen ari zitzaion gorputzari joaten utzi zion, askatasun eta ausardia infinituarekin. Pepe Mujicak bizitzaren azken partean esaten zuen ez zela joaten ari, iristen ari zela. Amaierara iristen. Gerrillariak atsedena behar zuela ere esaten zuen Mujicak. Uste dut Forcadak ere gerrillariaren atsedenaren beharra sentitu zuela. Berak erabaki zuen amaiera noiz izango zen, zein egunetan. Bezperan, etxean elkartu ziren gertukoak, hamabost bat lagun txokolatea eta txurroak jaten elkarren ondoan. Hori ere Jone Forcadak erabaki zuen. Topa egin zuen bizitzaren eta askatasunaren alde eta maite zituenak agurtu zituen lasai.

Miresmena besterik ezin dut sentitu. Miresmena eta harrotasuna, herri hau egin duten emakumeen kasta ikusita. Bizitza bete baten amaiera bada heriotza (beti ez da horrela izaten), zilegia dirudi heriotzari begietara zuzenean begiratzea, ezta? Beste gauza bat da horretarako ausardia izatea. Hori gutxi batzuen dohaina da.

Mila esker Jone pausatu ondoren eman didazun lezioagatik. Minari bide zabal eta eder bat egiten ari naiz eta zuk lagundu egin didazu.