Ariketa isometrikoak

Giharreria edo muskulaturaren kontrakzio motez hitz egin genuen artikuluan azaldu genuen bezala, ariketa isometrikoak mugimendurik gabe egiten diren indar ariketak dira. «Isometriko» hitza grezieratik dator; «iso-» aurrizkiak «berdin» esan nahi du eta «metriko» metron hitzetik dator eta «neurria» esan nahi du. Beraz, «neurri berdinean» adierazi nahi du.
Ariketa bat entrenamendu sistema honen bitartez lantzeak hainbat onura ditu. Posizio zehatz batean tentsio muskular maximo bat aplikatzean, mugimenduan parte hartzen duten giharrek angelu espezifiko horretan indarra garatzeko gaitasuna hobetzen dute eta jardueraren jestu espezifikora egokitzeko erraztasuna eskaintzen dute. Era honetan, mugimendu espezifikoak landu daitezke kirolarien puntu ahul horiek hobetzeko. Gainera, lesioen berregokitzapenean oso erabilgarriak dira ariketa mota hauek, angelu zehatzak landu daitezkeelako, eta giharrak edo artikulazioak bere osotasunean landu ezin diren kasuetan (ebakuntza baten ostean, adibidez) mugimendua mugatuz indarra aplikatzeko gaitasuna lantzen jarrai daiteke.
Bestetik, indarra aplikatzeko garaian indar maila hori intentsitate ezberdinetan burutu daiteke; hau da, errendimenduan normalean intentsitate maximoa bilatzen da giharren ehuneko zuntz altuena aktibatu ahal izateko eta neuromuskularki aktibazio maila maximo bat lortzeko. Horiek Overcoming Isometric, Iso Push… izenez ezagutzen dira eta mugiezina den karga baten aurka indar maximoa aplikatzean datza. Bestetik, postura bat landu nahi denean edota berregokitzapenetako hasierako faseetan isometria horren intentsitatea erregulatu daiteke, eskala subjektibo batekin jokatuz eta egiten den indar maila kontrolatuz. Amaitzeko, mugitu dezakegun karga maximoaren gainetik dagoen pisu bat mantendu nahi badugu eta karga horrek gainditzen bagaitu (beti segurtasunarekin eta limite maximoak kontrolatuz) Iso Hold ariketak izango genituzke, non lan eszentrikoa edo “frenatzeko” gaitasuna garatuko genukeen.
Laburbilduz, indarra garatzeko sistema hau oso baliagarria da angelu berezi bat landu nahi badugu edota puntu ahulak edo deskonpentsazioak landu nahi ditugunean, bai errendimenduan, bai lesioen berregokitzapenetan.



