Unai Gastaka
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Euskaldun maketo

Kristina Fernandez
Kristina Fernandez

Aitortzen dut, euskaldun berri kronikoaren konplexua daukat. Absurdoa irudituko zaizue agian, baina hala da. Aber, nik euskaraz jakin, badakit, hitz hauek demostratzen duten bezala. Eta aspaldi ateratako EGA titulua ere hor nonbait izango dut, froga gehiago behar izanez gero. Euskaraz ikasi eta lan egiten dut, umeei euskaraz egiten diet… eta, hala ere, batzuetan putaideiarik ez daukadala sentitzen dut oraindik. Zer egingo zaio! Horrelakoak dira konplexuak, beti arazoak ezerezetik sortzen. Edo ez.

Izan ere, euskaldun jaio ala egin egiten da? Batzuk euskaraz jaiotzen dira; besteak, berriz, hizkuntza ezberdinen magalean jaioak, ikasiz egiten dira euskaldun. Jaiotakoak zahar, egindakoak berri. Banaketa klasikoa.

Baina (eta “baina” horretatik dator nire identitate krisia) dikotomia horrek ere badauka bere ezlekua. Inguru erdaldunetan txikitatik euskaraz eskolatutakoak ez gara bi definizio horietan kabitzen. Euskaran jaio gabeak izanda ere, bizitza guztian zehar ikasi dugu. Ez zahar, ez berri; outsiderrak gara. Eta ez gara gutxi.

Hortik trasteatzen ikusi dut jadanik badaudela berri-zahar dikotomia hori gainditzeko proposamenak: euskaldun 2.0, transeuskaldunak… Nire kasuan, kontu honek beste norabait narama. Pertsonalki, arroztasunaren ideiatik abiatuko nintzateke gure izaera azaltzeko. Eta gure ezlekua adierazteko bilaketan, bereziki poztu ninduen Mari Luz Estebanen poemak ezagutzea. Euskaldun berria bera, teoria maketo bat aldarrikatzen du. Gustuko dut ideia.

Ni ere garai bateko etorkinekin identifikatzen naiz, txikitan euskarara etorria izaki, batzuetan arrotz, bestetan bertako sentituz. Gurera zetozenak, denborarekin gureak bihurtutakoak asko eta asko, mespretxuz maketo deitutakoak. Gu ere, maketo haiek bezala, noizbait euskarara etorri eta denborarekin (batzuk) euskaldundu gara. Gutxietsiak ziren, gaizki ikusiak. Gure euskara bezala. Horregatik sentitzen naiz euskaldun maketo, eta euskara berri, nahastu, pobre hau, nirea, euskara maketoa da niretzat.

Izan ere, euskalki propiorik ez daukagun arren, zerbait egon, badago. Ez dakit dialektoa edo soziolektoa den. Erdalkia agian? Euskañola behintzat ez. Euskañolez Gazteako esataria ari da goizero eta, onartu ezazue, zuek ere badarabilzue, inork entzuten ez zaituztenean. Ez, hemen euskaraz egiten da, nahi baino gutxiago eta hala moduzko erdalki honetan bada ere.

Gure euskara (ere) asmakizun bat da. Eskolan ikasitako batuaren hutsuneak ahal dugunarekin bete ditugu, eta oraindik ere horretan jarraitzen dugu. Eta gizarte diglosiko honetan, argi dago zein den iturri linguistiko nagusia. Hortaz, sortu den euskara nahasketa bat da, euskara kutsatu bat, akastuna, hutsunez betea, euskara maketoa.

Gure ahoskera ez da jatorra; erdaretatik hartu ditugu irainak, doinuak, esaerak, eta abar; noizbehinka hitzak ere asmatzen ditugu, jatorri jatorrik gabeko hitz (teorian) okerrak; hemendik askorentzat ergatiboarena kontu exotikoa da eta hitanoa Gokuk bakarrik darabil. Baina, lasai, ez da ezer gertatzen, zukaz ere maitatu eta mozkortu daiteke. Gure euskara apalean bizitzea badago.

Gure kaleko euskara hau ez da batua, ez behintzat Euskaltzaindiak erregulatutako euskara batu zuzen, jator eta egokia. Ezta beharrik ere. Hiztun bakoitza Euskaltzaindirako kandidato izatea ez da oso errealista, onartu beharko duzue. Euskaran adituak baino, euskaran arituak behar ditugu (Estebanek ederki adierazi bezala). Bestalde, hortik entzuten denaren arabera, arabarrak izateko ez dugu gaizki egiten (berdin ezkerraldekoa, Lizarrakoa…).

Gurea euskara desegokia izango da, beti hobetu eta zuzendu beharrekoa, erdarek ezinbestez kutsatua, pobrea. Baina barka iezaiozue, egin berria dago eta ahulgune asko ditu oraindik. Eta onartu beharko diozue bere meritua ere baduela, ezerezetik sortzen ari baita, estropezuka eta balantzaka, bai, baina badabil. Are, baloratu beharko genuke, herri honek euskaldun berriak erakarri behar dituelako biziraun nahi badu, eta euskarara etortzen den orok, gutxiespena baino, animoak merezi ditu. Badakit egiten duzuela, teorian behintzat. Baina saiatu, noizbehinka, ez fiskalizatzen. Ez esan: hau ez da honela esaten, horrela da, eta antzeko mierdak. Utz ditzagun zuzenketak EGArako. Zurean hala esango duzu, baina nirean bestela diogu. Izan ere, “nirean” bat ere badago.

Eman bake pixka bat. Arnasguneak ahultzen ari diren garai honetan, ezin al diegu gure ahulguneei arnasa pixka bat eman?

Eta ez, gure euskara maketoa ez da hizkuntza zaharraren hilobi izango, lasai. Garaiko maketo haienak bezala, gure ondorengoak euskaldun petoak izango dira. Batzuk behintzat euskara hori etxetik ikasiak datoz eta, hortaz, euskaldun zaharrak dira. Nahi baino gutxiago, bai, hainbat eta hainbat erdararen munstroak irentsiko dituelako. Baina badira. Euskaldun maketoen seme-alabak, euskaldun zahar batuak, hemen dira.

Eta haiena da hizkuntza honen etorkizuna.

Tira, ez dakit ahalduntze ariketa honekin nahikoa aurreratu dudan nire traumekin, baina, bueno, zerbait da. Badaezpada, datorren urtean C2an matrikulatuko naiz, promesten dut.