Aipu zale
Supermerkatu lerroan nago, aurrean, haur bat aita bere onetik ateratzen. Ez duela bidaia hori egin nahi, berari bost dorrea, askotan ikusi du. Argazki piloa ditu. «Ikusi!», eta mugikorrean bilatu dio irudia. Aitak zerbait murtxikatu du hortzen artean, orgako produktuak kutxako uhal garraiatzailean ipini bitartean. «Nahiago dut etxean egon!». Frustratuta bukatu du eztabaida haurrak, gero mugikorrean zerbait idatzi du.
Aitak kutxako langilearekin iritzia trukatu du, konplizitate bila edo. Ez du jaso, txiklea murtxikatzen ari da 18 urte bete berri dituen gaztea. Nik ez diot ezer esan, baina, jakina, gertatutakoa apuntatu dut: pentsatu dut zutabe batentzat baduela mamia. Izan ere, haurra ez zebilen ironiko, ez zuen topatzen toki horretara joateko arrazoirik. Irribarretsu egin beharreko argazki bilduma ez zitzaion interesatzen, eta hori gabeko bidaiarik ez zuen ulertzen.
Orduan gogoratu naiz, ez oso aspaldi, iturburu/gaztelu/eliza ikusteko txangoa egin genueneko goizarekin. Ibilbidearen momentu batean, geratu ginen, ez atzera ez aurrera. Oharkabean, argazkia ateratzeko lerroan geunden. Txandaka toki horretan ipinita, posiblea zen erakargarri turistikoa polit-polit ikustea, bakarrik egongo bagina bezala eta ez talde jendetsuaren parte gisa. Arin egiteko argazkia gomendatu ziguten, jendeak ez baitu maite itxaron beharra.
Olentzero eta Mari Domingirekin argazkia egiteko ilara etorri zitzaidan burura: bi pertsona helduk mozorroak jarrita umeen ilusioa elikatzeko egiten den antzerkitxoa da. Nik alabarekin txanda itxaron eta argazkia egiten diot, familia-taldean zabaltzeko. Eta hortxe geratuko da argazkia, ez dugu inprimatuko, ez dugu berriro horren inguruan hitz egingo.
Bada, goiz hartakoa ere, ezagutu beharreko leku turistikoan bakar-bakarrik gaudela pentsarazteko mugidatxoa, fikzioaren alde iluna iduritu zitzaidan. Ze ilusio mota ari gara elikatzen? Zein da bizi esperientzia eta zein familia/lagun taldera igorriko dugun irudia? Eta batez ere, zergatik?
Horri eta supermerkatuko haurraren purrustadari bueltaka, Chantal Maillardekin gogoratu naiz: «Egiten dugunetik zenbat egiten dugu egiteko eta zenbat kontatzeko? Gure bizitzako zer dago bizirik eta zer dago argazkitan jasoa eta paketatua gero bizitzeko, komunikatu ahal denean?»
Irakurle porrokatua naiz, eta beti nabil liburu bat edo beste mahaigainera ekartzen, orduan, kezka bat sortu zait: zenbat irakurtzen dut irakurtzeko eta zenbat aipuak idazteko?




