Udako gau bateko...
Shakesperare eta Cervantesen urteurrenak dira. Brexitaren urtea eta, Espainian, Gorteetako hauteskundeak lau hilabeteren buruan errepikatu behar izan direneko urtea. Udako gaua da, Euskal Herriaren ipar parte honetan asko antzematen ez bada ere, eta emaitza, datu, adierazpen, poz eta samin ugariko gauean murgilduta egon ondoren, udako gau bateko ametsa udako gau bateko kronika azkarra bihurtuko dut.
Hauteskundeen emaitzak ezagunak dituzue eta hemendik aurrera Espainiaren gobernagarritasunerako urratsak egiten hasiak izango dira, Rajoyk berak hala hitzemanda. Ziur asko, Brexitak, Erresuma Batuak Europar Batasunetik irteteko erabakiak, sortutako zurrunbiloak ere izango zuen eraginik egonkortasuna aldarrikatu duen alderdiak aurrekoan baino emaitza hobeak izateko. Ez da sorpassorik izan eta bigarren tokian dago oraindik ere PSOE, bere historiako daturik txarrenak lortu arren podiumeko bigarren tokia ez galtzeak ematen dion babes ahulaz. «Spain is diferent» esaten zenean, agian esan behar zen «Spain is Spain». Eta Euskal Herria?
Nola ulertu behar ditugu hemengo emaitzak. Podemos izan da garaile Euskal Herrian. Lehenengo tokian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta bigarrenean, Nafarroan. Eta zer bozkatu dute herritarrek? Sinetsita nago, hein handi batean, beste Espainia bat bozkatu nahi izan dutela. Ez bakarrik PP edo Rajoyren ordez Podemos eta Iglesias agintetik gertuago egoteko aukera, baizik eta beste herrialde eredu bat. Ziur asko demokratikoagoa, ziur asko desberdintasun gutxiagokoa, ziur asko elkartasun handiagokoa, auskalo. Ziur asko, bozkatu nahi izan dute estatu europar homologagarri bat aurrez aurre izatea. Haren parte izateko, handik alde egin nahi dutela esateko, harekin harreman mota bat gauzatzeko edo inolako harremanik ez dutela nahi esateko. Baina emaitza hauekin argi geratu dena da Espainia Espainia dela. Diktadura eta gerretan oinarritutako egitura, Europako gainerako herrialde gehienekin alderatzerik ez duena, ez duelako estatu proiektu jakin bat.
Katalunian emaitza hauek, ziur asko, argitu egin dute gertuko etorkizuna eta subiranismoak azken hilabeteotan Espainiako aldaketa sinetsi badu eta haren zain-edo egon bada, orain badaki aurrez aurre nor duen. Euskal Herriak ere badaki. EAJk eta lehendakariak berak behin eta berriz errepikatu izan dute PP gobernuan egon den lau urteotan atea jo dutenean ez dutela erantzunik jaso eta EH Bildu osatzen duten alderdiek ere badakite erantzuna zein den. Galdera da nola dauden, zer proposatzen duten alderdi hauek beste behin ere betiko aurpegia erakutsi duen Espainia honen aurrean.
Hilabete oso gutxitan hauteskundeak izango dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Interesgarria izango da Espainia honen aurrean, bigarren aukeran are era argiagoan bere benetako aurpegia erakutsi duen honen aurrean zer proposatzen duten, ilusioa nola sortzen duten, eskemak ze eratan apurtzen dituzten eta alternatibak ematen dituzten ikustea. Gutxi falta da. Bitartean, udako gau honetan amets egingo dut.

«Batzuetan etxea barrutik pixka bat garbitzea ez legoke gaizki»
Mafia

«Egian aztarrika hastean ateratzen dira zikinak, odola… eta argia»

El Gran Museo Egipcio, «la cuarta pirámide»
