JOKIN URAIN
IRITZIA

Haserrean

Iraultzaz eta egin beharreko borrokez ari ginen hizketan; harremanez, haserreaz, zorionaz, munduaz eta mundutarrez. Mundua inoiz ez baitago amaitua, denon gustura ezarria, eta behar dituen konponketak egiten izaten ditugu lanak, ekinak eta ezinak. Konpondu ezinak batez ere. Haserrean ez dugula ezer egiten, ez dugula ezer aurreratzen, zioen lagun batek besteari erantzunez. Egia da zerbait konpontzen dugunean aldartea hobetzen zaigula, edo aldarteak hobetzera egiten digunean errazago konpontzen zaizkigu gauzak. Edozein esparrutan, etxean, lanean edo alferguran arazorik ez aurkitzea nahi genuke, eta aurkituz gero aisa konpontzen asmatzea. Gauzak erraz eta ondo doazkigunean ederrago zaigu ingurua ere.

Egoera emozionalak egiten digu izateko eta bizitzeko modua, momentu batekoa edo denbora luzekoa, neurri handi batean behintzat. Eta bizitzeko eta izateko modurik atseginena nahi izaten dugu gehienok geuregan, eta ingurukoengan ere bai. Ez baita bereziki gustagarria pertsona haserre bat alboan, ez errietan ari denaren kasuan eta ezta isilik dagoenean ere. Hobe isilik badago... Ala errietan ari bada hobe, errietan ari dena husten ari delako? Husten ari dena hutsik geratuko da halako batean... Baina, aguanta ezazu bitartean!

Lubakia da haserrea, eta lubaki handia zenbaitena, bizitza osoa daramatelako zanga zulatzen, aitzur eta pala, pikatxoi eta borra, hondoratu eta hondoratu, uxarka eta aztarka, zuloan hondoratuz munduaren bestaldea aurkitu nahi lukeenak baino kartsuago. Bada bere haserrea altxor pribatu eta preziatutzat duela dirudienik, eta esango nuke bizitzako helburu gorentzat dutela altxor pribatu horixe handitzeko motiboak bilatzea.

Haserre egoeran bizi denak, haserre kronikoan bizi denak, hortxe aurkitzen du agian zorion moduren bat, munduan ez baina bere erretxinean konforme, barru kiskaliarekin inguru guztiei su emanez, inoren onik ezin jasanez, haserrean bizitzea balitz bezala edozer gauza konpontzeko modua. Haserre hori kenduz gero, defentsarik gabe, heldulekurik gabe sentituko litzateke beharbada... Agian ez dago ondo inori bere altxorra kentzen hastea, haserreek ere behar dutelako mundu bat.

Baina konforme ez egotea eta haserrean bizitzea ez dira ez gauza bera, Mattin, eta haserrearen lubakian ez konformatzea igual izango da iraultzaren hasiera.