JOKIN URAIN
IRITZIA

Elkarbizitza

Izaki sozialak gara gizakiok, elkarrengana batzeko joera dugunak berez. Taldean dugu sorrera, tribuan, eta bakoitzak geure kabuz egonaldi edo ibilaldiak egiteko gogoa izan arren tarteka, atzera tribura jotzen dugu lehenago edo geroago. Besteen beharra dugu jaiotzen garenetik apur bat hazi arte, eta besteen eskuan bilatzen dugu laguntza eta babesa zerbaitengatik ezinduta geratzean. Lanen batzuk egiteko, jolaserako, jan-edanerako, ondo pasatzeko... bilatzen dugu lagunartea, eta bakardadeari ez diogu zentzu sanorik hartzen gehienetan.

Kanpoan ibiltzeko bezala etxean egoteko, besteren baten edo batzuen konpainia hobesten dugu gehienok. Elkarbizitzarako, etxea eta etxeko gauzak partekatzeko eta eguneroko bizimoduan geure ondoan izateko, aukeratu dezakegu jendea, laguna edo lagunak, bikotea, dena delakoa. Baina, aukeratzen hasita, zer irizpiderekin aukeratzen dugu, edo aukeratuko genuke bizikidea?

Hartuko ote genuke geure berdin-berdina den bat, norbere klon bat? Eta, hala aukeratuz gero, zer moduz konponduko ote ginateke? Zenbat denbora iraungo ote genuke geure klonarekin elkarbizitzan? Bizitza osoa? Maitasunagatik, errukiagatik, laguntza emateko konpromisoagatik... hainbat arrazoirengatik aukeratu genezake bizikidea eta elkarbizitza egin, ekaitzari bezala sorbaldak uzkurtuta eutsiz bideko eztabaida eta konpondu ezinei, edo banatzeko erabakia hartu eta kito.

Geure berdin-berdina den klonarekin ez genuke arazorik izan behar elkarbizitzan, konpondu ezinak besteekin izaten baititugu gehienok, edozeren errua ere beraiek izaten dutelako eta ez guk. Edozertan arrazoia ere geuk izaten dugunez, nola ez ongi konpondu geure berdin-berdina denarekin?

«Berdin-berdinak dira» esan ohi da, ordea, beti sestran eta matrakan dabiltzan anai-arreba edo bikote edo lagun banaezinengatik, beti konpondu ezinean baina beti elkarrekin, beti elkarri errietan baina bata bestea gabe ibiltzen ez dakitenengatik. Berdinak izateak ezin konpondua eta elkar uxatzea dakarrela ematen du, beraz.

Bazkaritara eseri aurretik ebatzi nahi izan du Palok auzia, eta Bittorri galdetu dio, mintzakidearen tamaina espezifikoko erantzuna lortu ustez agian, etxerako eta eguneroko elkarbizitzarako aukeratuko ote lukeen bere berdin-berdina den pertsona bat, bere klon bat.

«Alfer-alferrik ari haiz; nire berdinik ez zegok munduan» erantzun dio oilasko zikiratzailea baino gehiago kezkatu gabe.