Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Etxean bezala, Shibaura Housen

Egileak Shibaura etxearen berezitasunak azaldu ditu, duela hilabete batzuk Tokioko merkataritza auzo zalapartatsuan kokatutako eraikin hau bisitatu ondoren. Sormena eta interakzioa bultzatzen dituen eta etxean bezala sentitzeko aukera ematen duen espazio publikoa da.

Shibaura House eraikina, errepidearen bestaldetik, aurtengo abuztuan.
Shibaura House eraikina, errepidearen bestaldetik, aurtengo abuztuan. (Nekane Azpiazu Lejardi)

Shibaura House izen bereko negozio barruti zalapartatsuan dagoen eraikin berezia da Tokion. Asko dagoeneko berezitasun horren zergatiaz galdezka ariko zarete zeuen buruetan, eta esan beharra daukat bertan esperimentatutako zerbait dela, diseinuaz eta konposizioaz harago doan zerbait. Eraikina, 950 metro karratukoa, sormena, komunitate interakzioa eta moldagarritasuna sustatzen dituen espazio dinamikoa da. Azken finean, bulego eraikina da hau ere, baina beste aktibitate eta formatu batzuk biltzen dituena. Ateak ireki zituenetik 2011. urtean, diseinu arduratsu batek bizimodua nola eralda dezakeen adierazten duen eredua da.

Eraikinak mugak ezabatzen ditu, bai espazioen artean, baita pertsonen artean ere. Auzuneak eraldaketa handia bizi izan duela diote; hasiera batean biltegiak ziren eraikinak gaur egun bulegoak dira, eta azken urteotan eraiki diren apartamentu bloke ugarien ondorioz, familia gazteak bertan bizitzen hasi dira. Nolanahi dela, profil desberdinen artean -lanera doazenen eta bertako bizilagunen artean- ez dago harreman handirik, komunitate falta nabaria da, orokorrean.

Hori dela eta, Shibaura Housen sorrera funtsezkoa izan da, ekimenaren zuzendaria den Masaru Ito eta Kazuyo Sejima arkitektoaren elkarlanari esker. Eraikina espazio publiko bilakatu dute haren diseinuaz, espazio pribatua zeharkatzea ohikoa ez den hirigune batean. Behe solairua kalearen jarraipena da, edonor sar daiteke eta ongi etorria da. Gogoan dut nola igaro ginen barnera, zalantzati, eta berehala bertaratu zitzaigun neska japoniar bat azaltzera espazioaren erabilera librea egin genezakeela. Tamalez, otorduak emateko zeukaten kafetegia itxita zegoela eta ezin zigula janaririk edo edaririk eskaini adierazi zigun, baina eraikinean egotera gonbidatu zigun, oso eroso sentitzea eragin zigula. Mahai batean eseri eta denbora igaro genuen bertan, ekosistema txiki hura behatzen eta sentitzen, eta, ondoren, bazterrak miatzera ausartu nintzen, etxean legez. Atzo izan balitz bezala gogoratzen naiz, lehen solairuan, eskailera alboan, adin tarte desberdineko jendea egiten ari zen tailer grafikoaz, eta patio alboko egongelatxoan ordenagailuekin berriketan zeuden bi gazteez. Patioari begira, nire liluraren lekukoak izan ziren.

Espazialtasunaren aberastasuna irekitasunaren, malgutasunaren eta gardentasunaren mugak lausotzeak eskaintzen dio. Altzairu tenkatuko egiturak eta hura biltzen duen beirak arintasuna eta argitasuna ematen die barruko estantziei, inguruko paisaia aldakorraren ikuspegia eskaintzeaz gain. Espazio bakoitzak funtzio bat baino gehiago ahalbidetzen ditu, moldagarriak dira, eta talde txikiak zein komunitate handiak hartzeko gai dira. Behe solairuak harrera gune funtzioa dauka, eta mahai eta aulki ugari ditu jendea lasai bertaratu eta elkarrekin espazioa partekatzeko. Goiko solairuetan kokatzen dira sormen lanetarako estudioak eta gelak, aire librean espazio komunitarioa eskaintzen duen patio baten alboan, kanpoaldearen eta barnealdearen arteko muga lausotuz. Eraikinaren punturik altuenean, berriz, areto desberdin bat dago, ‘bird room’ deitzen diotena, sormena indartzeko diseinatua. Bertan, dantza eskolak, bilera komunitarioak, tailerrak nahiz kultura ekitaldiak egiten dituzte.

Shibaura etxearen presentziak eragin esanguratsua izan du. Bizilagun eta auzora lanera bertaratzen diren askoren etxea da, eta informazio, sormen eta interakzio puntu garrantzitsua bilakatu da. Parte hartze zentroa da, elkartzeko, konektatzeko eta besteen errealitateak ezagutzeko espazioa. Materialtasun gardenak ikusgarri egiten du barneko aktibitatea; komunitate sendo baten elkarlanaren erakusleihoa da. Horrelako hiri dentso batean lortzea hain zaila den zaintza espazioa da, edota hori iruditu zitzaigun guri. Zainduta sentitu ginen; eraikin, errepide eta trafiko artean, bat-batean babesa, atsedena, erosotasuna, eta laguntza aurkitu zein sentitu genituen. Ateak guztiz ireki zizkigun komunitate haren parte ginen sentipena izan genuen beraiekin partekatzeko aukera izan genuen tarte hartan.

Hor ulertu genuen espazio haren izenaren zergaitia, Shiaura House; etxean bezala sentitu ginen.